Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Igandea, 12:00etan

Beaskoetxea-Lopez vs Barandika-Lekerika, Winter Serieseko final handia

B. L. G. | EITB MEDIA

Zesta-puntaren katedralak Winter Serieseko finala jasoko du Igande honetan. Bertan, zumaiar bat eta herriko hiru seme arituko dira txapela preziatuaren bila. Beaskoetxearen ibilbide profesionaleko azken partida izango denean.

  • Lekerika, Barandika, Beaskoetxea eta Lopez

    Lekerika, Barandika, Beaskoetxea eta Lopez. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Igande honetan hartuko du Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Lekerika bikoteen arteko Winter Serieseko finala. Txapelketak ikusmin handia sortu du pilotazaleen artean eta partida bertatik bertara ikusteko sarrerak hamar minutuan agortu ziren. Hala ere, EITBn zuzen-zuzenean ikusi ahalko da partida ETB1en eta eitb.eusen eguerdiko 12:00etatik aurrera; Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere entzun ahalko da.

Bi bikoteek antzeko bidea egin dute finalera heltzeko. Multzoen fasean partida bana galdu zuten eta euren taldeko bigarren postuan sailkatu ziren finalerdietarako. Gainera, galdutako partida haiek multzoko lehen postua eskuratu zutenen aurka izan ziren. Hau da, finalerdietarako sailkatu ziren beste bi bikoteen aurka.

Barandika eta Lekerika A multzoko bigarren postuan sailkatu ziren. Gernikarrek ezin hobeto hasi zuten txapelketa: etxean, urriko azken astelehenean eta iazko txapeldunen aurka irabaziz. Erkiagaren eta Zabalaren aurka 3 setetan irabazi zuten, bigarren partida, berriz, ez zitzaien hainbeste luzatu. Urrutia eta Aimar hartu zituzten mendean, txapelketatik kanpo geratu zen lehen bikotea, bi setetan (15-8, 15-14). Lehen bi partidak irabazita, multzoen faseko bikote gogorrenetako baten aurka aritzeko unea heldu zitzaien 9. Jardunaldian: Olharan-Basque. Orduan galdu zuten txapelketako lehen partida, eta orain arteko azkena.

Partida guztiak jokatuta, besteen mende geratu ziren etxeko mutilak. Erkiaga-Zabalak Olharan-Basqueren aurka galtzea behar zuten finalerdietarako txartela lortzeko. Azkenean, hala izan bazen era, gernikarrek euren burua txapelketatik kanpo ikusiko zuten uneren batean: lehen seta iazko txapeldunek irabazi baitzuten eta 3. setean, 4-5eko emaitzarekin galdu zuten, Barandikari eta Lekerikari finalerdietarako txartela emanez.

Barandikak eta Lekerikak ez bezala, Beaskoetxeak eta Lopezek porrotarekin ekin zioten Winter Seriesari. Goikoren eta Etxetoren aurkako partidan bi setetan galdu zuten. Kolpe hartatik altxatzeko erraz menderatu zituzten Leke eta Minvielle 6. jardunaldian (15-8, 15-5). Garaipen bat eta porrot bat zituztela heldu ziren azken partidara Gernikako aurrelaria eta Zumaiako atzelaria. Johan eta Del Rio bikote gaztearen aurka hiru setetan irabazita, finalistek multzoko azken partidari begira amaitu zuten: Goiko-Etxeto vs Johan-Del Rio. Goiko eta Etxetoren garaipena behar zuten sailkatzeko. Partida hura hiru setetara joan zen, eta gerora multzoko lider bezala amaituko zutenek eskuratu zuten garaipena.

Finalerdietan, aurrera

Barandikak eta Lekerikak Olharanen eta Basqueren aurka jokatu zuten lehen finalerdian. Gernikarrek aise menderatu zituzten B multzoko liderrak bi setetan (15-10, 15-8). Beaskoetxeak eta Lopezek, berriz, lan gehiago izan zuten Goiko eta Etxeto garaitzeko eta hirugarren seteraino joan behar izan zuten (11-15, 15-14, 5-3) Beaskoetxeak bere ibilbide profesionala final batekin amaitzeko.

Lehengusuak, aurrez aurre

Finaleko aurrelariak lehengusuak dira. Horrek, partidari xarma berezia ematen dio. Diego Beaskoetxeak bere ibilbideari amaiera emango dio Jai Alai Winter Serieseko finala jokatuz, etxean eta Xabier Barandika lehengusua kantxako aurreko koadroetan aurkari izango duela. Gertatzen dena gertatzen dela ere, gernikarrentzat egun berezia eta hunkigarria izango da ezbairik gabe.

Finala 12:00etan hasiko da eta EITB Mediak eskainiko du zuzen-zuzenean ETB1en, eitb.eusen, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.