Itxi

Bilbao Basket

82-77

Bilbao Basketek garaipenari ihes egiten utzi dio Unicajaren aurka

Erredakzioa

Dominion hamar puntuko abantailarekin iritsi da azken laurdenera, baina amaierako bost minutuak negargarri jokatu ditu, eta Malagako taldeak emaitza iraultzea lortu du (82-77).

  • Unicaja-Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Unicajak 82-77 irabazi dio Bilbao Basketi. Argazkia: EFE

Dominion Bilbao Basketek porrot gogorra jaso du Unicajaren aurka (82-77) Martin Carpenan. Hamar puntuko abantailarekin iritsi dira beltzezko gizonak azken laurdenera, baina ez dira garaipena lortzeko gai izan. Unicaja aurkari zuzena da playoffetara sartzeko lehian eta porrot hau mingarria da talde bizkaitarrarentzat.

Partidari hasiera bikaina eman dio Bilbao Basketek, baina Unicaja garaiz esnatu da, eta ez dio talde bizkaitarrari markagailuan aldentzen utzi. Erasoko jokoan oso ondo ibili da Dominion eta Malagako taldeari asko kosta zaio defentsako lan eraginkorra egin ahal izatea. Lehen hamar minutuen amaieran hiru puntuko abantaila lortu du Dominionek (16-19). Bigarren laurdenean lehia gehiago parekatu da. Unicajak defentsa sendotu eta erasoan ere asmatu egin du. Bilbao Basketek beherakada txikiak izan ditu une batzuetan, baina atsedenaldira iritsi aurreko azken jabetzak ondo jokatu ditu, eta lau puntuko abantaila eskuratu du (32-36).

Atsedenalditik bueltan, talde bizkaitarra jaun eta jabe izan da. Bilbao Basketek Unicajak baino askoz hobeto jokatu du, eta abantaila polita lortu dute azken laurdenari ekiteko. Hirugarren laurdena, Dominionen aldeko 48-58ko emaitzarekin bukatu da. Azken laurdenari oso ondo ekin dio gainera Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak, baina azken bost minutuak negargarri jokatu dituzte. Unicaja puntu bakarrera kokatu da amaierarako bi minutu eta 32 segundo falta izan direnean, eta 58 segundoren faltan aurrea hartu du etxeko taldeak (76-75). Azken minutuaren barruan huts galantak egin ditu Bilbao Basketek eta Unicajak garaipena lortzeko baliatu ditu (82-77).

Fitxa teknikoa:

82- Unicaja (16+16+16+34): Nelson (2), Hayes (15), Diez (3) Thomas (16), Vazquez (3)- hasierako bostekoa- Jackson (-), Cooley (4), Suárez (3), Diaz (13), Nedovic (10) eta Kuzminskas (13).

77- Dominion Bilbao Basket (19+17+22+19): Hannah (15), Mumbrú (13), Bertans (5), Hervelle (8), Begic (9)-hasierako bostekoal- Raul Lopez (19), Slezas (-), Ruoff (8), Bogris (-), D. Todorovic (-) eta A. Suarez (-).

Epaileak: Perez Pizarro, Garcia Ortiz eta Zamorano.

z eta Zamorano.