Bilbao Basket
EUROKOPAKO 9. JARDUNALDIA
Bilbao Basketek hobetzen jarraitu nahi du, Europatik kanpo dagoen arren
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbotarrek Lokomotiv Kuban Krasnodar talde errusiarra hartuko dute Miribillan. Partida zuzenean ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en, asteazkenean, 20:30ean.
-
Lehen itzuliko partidan errusiarrek gairapen zabala lortu zuten. Argazkia: EiTB
Joan zen jardunaldian Eurokopako lehiaketatik kanpo geratu zen RETAbet Bilbao Basketek bere multzoko liderra, Lokomotiv Kuban Krasnodar, hartuko du asteazken honetan Miribillan. Bilbotarrak aurreko astean Partizanen aurka Belgraden azaldu zuten itxura onari jarraipena ematen saiatuko dira, igandean Estudiantesen aurrean egin zuten gisara.
Aipatu bi garaipen horiekin 'beltzezko gizonek' bi bolada txar eten zituzten: batetik, herrenkadan pilatutako bederatzi porrotak (horietako sei Europan); bestetik, Endesa Ligan irabazi gabe kateatutako bost partidak.
Eurokopako hurrengo fasera sailkatzeko aukerarik ez dutela jakinda jokatu behar dituzten hiru partidetako bigarrenean, bilbotarrek orain arte geldiezin agertu den Lokomotiv talde errusiarrari (C Multzoko zortzi norgehiagokak irabazi ditu) aurre egiteko gai direla erakutsi nahi dute.
Aldi berean, igandean, Estudiantesen aurkako ACB txapelketako partidan tarteka azaldutako joko ona plazaratu nahi dute berriro. Harako hartan, kontra zuten markagailua iraultzea erdietsi zuten azken laurdenean, ordura arte apenas protagonismorik izandako Javi Salgadoren gidaritzapean. Santutxukoarekin batera ondo aritu ziren ere: Dejan Todorovic (denboraldiari bikain ekin ziona, baina azken jardunaldietan beheranzko joeran zebilena), Devi Thomas (denboraldi honetan Bilboko taldean aritu den laugarren pibota) eta Lucio Redivo (zaleek espero zuten jaurtitzaile zitalaren puntuetatik oso aldenduta dabilen argentinarra).
Dena dela, ez dute lan erraza izango Veljko Mrsic entrenatzaileak zuzentzen dituen mutilek, nahiz eta azken jardunaldietan hobekuntza nabaria egin duten defentsa-lanari eta jokoaren kontrolari dagokienez, hasiera batean Carles Duranen agindupean erakutsitakoarena baino okerragoa izan bazen ere.
Bilbao Basketek lehenengo itzuliko partida guztiak galdu zituen Miribillan, eta Krasnodarren jokatutako lehian errusiarrak aise nagusitu ziren (102-83).