Bilbao Basket
Finalerdietako 3. partida
Bilbao Basket-Real Madril (68-51): Bizkaitarren erakustaldia
Erredakzioa
Katsikarisen mutilek partida bikaina jokatu dute Miribillan, kanporaketan 2-1 aurrea hartuz. Bilbao Arenako harmailek giro ederra sortu dute madrildarrak asko sakatuz.
Garaipen historikoa lortu du Bizkaia Bilbao Basketek Bilbao Arenan, Real Madril 69-51 gaindituta. Bilbotarrak 2-1 aurretik jarri dira finalerdietako kanporaketan eta final handira heltzeko garaipen bakarra behar dute. Kantxan ezarritako intentsitateak eta hiruko marratik lortutako puntuek erabaki dute norgehiagoka.
Bizkaia Bilbao Basketek intentsitate handia ezarri du kantxan hasierako minutuetatik eta Katsikarisen mutilek aurrea hartzea lortu dute. Hervellek eta Aaron Jacksonek puntu garrantzitsuak lortu dituzte eta bizkaitarrek 13-0ekoa partziala lortu dute 19-7koa jartzeko. Lehen laurdenaren bukaeran madrildarrak sakatzen saiatu dira, baina talde beltzak 22-13ko markagailua jarri du.
Bigarren laurdenean bilbotarrak fin jarraitu dute erasoan eta Janis Blumsek lortutako bi hirukori esker, etxeko taldeak 30-17koa markagailuan jartzea lortu du. Real Madril ez da kantxan eroso egon eta merengeek falta gehiegi egin dituzte. Atsedenaldia baino lehen, Bizkaia Bilbao Basketek 12 puntuko aldea mantendu du (33-21).
Hirugarren laurdenean Real Madrilek erantzuna emateko premia izan du eta Sergio Rodriguezek bikain gidatu du talde zuria 45-40ko markagailua lortu arte. Hala ere, Katsikarisen taldea sendo mantendu da kantxan Marko Banicen lan onari esker eta 48-40 markagailuarekin aurretik bukatu dute hirugarren laurdena.
Laurden erabakigarrian Bilboko taldeak bere aurpegirik onena kantxaratu du eta lortutako hirukoei esker, Bilbao Basketek 17 puntuko aldea lortu du (59-62). Bizkaitarrek intentsitatearekin jokatzen jarraitu dute eta zuriek ezin izan dute saskiraketa erosorik lortu. Azken emaitza 68-51ekoa izan da Miribillan eta Katsikarisen mutilak ACBko finaletik garaipen bakarrera jarri dira.
- Fitxa teknikoa:
68 - Bizkaia Bilbao Basket (22+11+15+20): Jackson (8), Blums (12), Mumbru (8), Banic (13) eta Mavroeidis (5) -hasierako bostekoa-; Fisher (3), Warren (2), Vasileiadis (8), Hervelle (9) eta Vazquez (-).
51 - Real Madril (13+8+19+11): Prigioni (-), Llull (7), Suarez (5), Reyes (3) eta Tomic (6) -hasierako bostekoa-; Sergio Rodriguez (18), Tucker (2), Mirotic (4), Fisher (3) eta Begic (3).