Itxi

Bilbao Basket

Kontratu-berritzea

Ondrej Balvinek denboraldi batez luzatu du Bilbao Basketekin zuen lotura

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pibot txekiarrak erreferentzia nagusi izaten jarraituko du Bilboko taldeko saskipean.

  • Ondrej Balvin, kazetarien aurrean adierazpenak egiten.

    Ondrej Balvin, kazetarien aurrean adierazpenak egiten.. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutakoa

Ondrej Balvin pibotak denboraldi batez berritu du Retabet Bilbao Basketekin zuen kontratua, Bilboko taldeak asteazkenean jakitera eman zuenez.

Txekiako erraldoia (2,17 metro) aparteko denboraldia betetzen ari zen orain arte Endesa Ligan, koronabirusaren krisiak lehiaketa geldiarazi zuen arte. Laugarrena zen errebote-hartzaileen sailkapenean, eta bosgarrena, txapel-jartzaileen artean; horrez gain, bederatzigarren tokian zegoen jokalari baliotsuenen zerrendan: honako batez bestekoekin: 8,6 punto, 7,3 errebote, 1,2 txapel eta 15,8ko balorazioa partida bakoitzeko.

Bilbao Basket bosgarren tokian zegoen sailkapenean txapelketako geldialdia iritsi zen arte, eta ekainaren 17tik 30era Valentzian egingo den Endesa Ligako azken faseari baikortasunez egingo dio aurre, are gehiago, Alex Mumbru egungo entrenatzaileak eta pibot txekiarrak datorren urtean taldean jarraituko dutela baieztatu eta gero.

Horren harira, Rafa Pueyo egungo taldeko zuzendariak azaldu duenez, "Balvinen kontratua berritzea lehentasuna zen talde teknikoarentzat eta klubarentzat"; ondorioz, taldean jarraitzea "albiste osa ona" dela uste du.

Balvinen mezua

Bilbao Basketek zabaldutako bideo batean, Balvinek kontratua berritu duela berretsi zuen, eta harro agertu zen Bizkaiko hiriburuan jarraitzeagatik.

"Gauza handia da niretzat kolore hauek ordezkatzea, gainera beltza oso ondo geratzen zaidala uste dut, eta espero dut datorren denboraldian ACBn eta Basketball Champions League txapelketan gozatu ahal izatea, marea beltza harmailetan dela, badakigulako hor egongo zaretela gu babesten eta borroka eta garaipen ugariz gozatzen", adierazi zuen txekiarrak.