Itxi

Bilbao Basket

Endesa Ligako fase finala

Bilbao Basketek galdu egin du Bartzelonarekin eta ez dauka finalerdietarako aukerarik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Beltzezko gizonek 32 minutuz eutsi diote partida irabazteko aukerei, baina azken laurdenean ezin izan dute Kataluniako taldearen sendotasunarekin.

Higgins eta Balvin

Hutsune ugari zituen Retabet Bilbao Basketek ezin izan du Bartzelona (73-85) gainditu Valentzian jokatzen ari den Endesa Ligako azken faseko laugarren jardunaldian. Katalanek Pierre Oriolaren neurketa handian oinarritu dute euren garaipena (23 puntu, 9 errebote eta 29ko balorazioa).

Alex Mumbruren jokalari apurrek 32 minutu iraun dute irabazteko lehian, baina azkenean amore eman behar izan dute, eta, hartara, finalerdietan sartzeko zituzten aukera urririk gabe geratu dira. Bartzelona, berriz, A multzoko txapeldun gisa igaroko da finalerdietako kanporaketar.

Partidako jokalaririk onena izan den Oriolak bere taldeko barruko jokalarien laguntza izan du: Ante Tomic (13, 5 eta 19) eta Brandon Davis (14, 5 eta 15). Miroticek, berriz, ez du jokatu, min hartuta baitago.

Bilbotarren partetik, Jonathan Rousselle (11, 5 asistentzia eta 12), Sergio Rodriguez (9, 7 eta 14), Ben Lammers (10 eta 2 tapoi) eta Quentin Serron (8, 4, 6 asistentzia eta 12) izan dira nabarmenenak.

Nahiz eta Oriola izan den hiruko batekin markagailua ireki duena (0-3), askoz hobeto hasi da Bilbao Basket (8-0), eta zortzi minutuz eman du aurretik markagailuan (8-3, 11-7, 13-11, 15-14).

Aitzitik, lehen hamar minutuen amaieran, Abrines, lehendabizi (13-14), eta Heurtel, ondoren, (15-19) azaldu dira emaitza iraultzeko. Jarraian, Rafa Martinezen jaurtiketa libre batek 16-19 utzi du markagailua lehen laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdeneko lehen saskiratzea Bartzelonak egin du berriro (15-21), baina Mumbruren mutilek berriro erantzun dute, Sergio Rodriguez eta Rousselle buru zirela. Oraingoan, 14-0eko partziala lortu dute, bi aldiz bederatzi puntuz irabazten jartzeko (30-21, 32-23). Alabaina, Pesicen taldeak berriro irauli du markagailua, Tomicen eta Oriolaren eskutik, 3-13ko partziala sartuta (33-34).

Neurketak parekatuta jarraitu du hirugarren laurdenean ere (41-40), baina Rousselleri adierazi dioten kirolez kontrako falta batek eta Balvinek eta Mumbruk ikusi dituzten teknikek 8 puntuko aldea lortzeko aukera ekarri diote Bartzelonari, eta norgehiagoka haustear zegoela zirudien (41-49).

Ez da halakorik gertatu, ordea. Mumbrurenak ez dira kikildu,eta Roussellek gidatutako 9-0eko bati esker agintzen jarri dira beste behin ere (50-49). Hala ere, susperraldiak ez du gehiegi iraun, Bartzelonak 0-8ko beste partzial bat gauzatu baitu, Kuricen eta Abrinesen hirukoen bultzadarekin, eta hirugarren laurdenaren amaieran bost puntuko aldea zegoen bi taldeen artean (56-61).

Horraino iritsi dira beltzezko gizonak, Sulejmanovicen jaurtiketa bat gorabehera (59-63); izan ere, bilbotarrek ordura arte egindako ahalegin handia ordaindu dute, eta Oriolak eta Davisek sartutako zenbait saskiratzek 61-74ko zuloa ireki dute.

Bartzelona 16 puntuz irabaztera iritsi da azken zati horretako tarte batean (61-77), eta Bilbao Basket berriro erantzuten saiatu de arren (72-79, bi minuturen faltan), partida garaipen argiarekin bukatu da (73-85).

Fitxa teknikoa:

73 - RETAbet Bilbao Basket (16+17+23+17): Rousselle (11), Serron (8), Rigo (7), Cruz (3) eta Balvin (9) –hasierako bostekoa–; Miguel Ruiz, Rafa Martínez (5), Sergio Rodríguez (9), Sulejmanovic (11) eta Lammers (10).

85 - Barça (19+15+27+24): Hanga (2), Higgins (12), Claver, Oriola (23) eta Tomic (13) –, Heurtel (8), Kuric (7), Abrines (6), Smits eta Davies (14).

Partzialak: 16-19, 33-34 (atsedenaldia); 56-61 eta 73-85 (amaiera).

Epaileak: Fernando Calatrava, Luis Miguel Castillo eta José Ramón García Ortiz. Ez dute inor kanporatu.