Bilbao Basket
Txapeldunen Liga
Bilbao Basket aise nagusitu zaio Fortitudo Boloniari
A. B. | EITB Media
Talde bizkaitarrak 82-54ko emaitzarekin irabazi du partida eta bigarren garaipena erdietsi du Txapeldunen Ligan.
-
Bilbao Basket - Fortitudo Bolonia partidako irudia. Argazkia: EFE
RETAbet Bilbao Basketek irabazi egin du Fortitudo Boloniaren aurka (82-54) jokatu duen Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldiko partida eta bigarren garaipena lortu du txapelketa honetan. Alex Mumbruk zuzentzen duen taldea, F multzoko bigarren postuan da.
Norgehiagokaren hasiera parekatua izan da, eta bi taldeei kosta egin zaie abantailak hartzea. Lehen laurdenaren erdialdetik aurrea Bilbao Basket nagusi izan da, eta bost puntuko errenta eskuratu du. Hala ere, Fortitudo Boloniak desabantaila puntu bakarrera murriztu du lehen hamar minutuen amaieran (19-18).
Ondo ekin dio bigarren laurdenari Bilboko taldeak, eta 13 puntuko abantaila eskuratu du (33-20). Hiruko jaurtiketetan asmatu du Bilbao Basketek, eta aurkaria txikitu du. Zulo handia ireki du Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak (41-22). Lehen laurdenean gertatu bezala, bigarrenaren amaieran ere aldeak murriztu ditu talde italiarrak. Bilbao Basket, aldeko 41-28ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Partidaren gidoia ez da aldatu atsedenaldiaren ostean. RETAbet Bilbao Basket jaun eta jabe izan da Bilbao Arenako kantxan. Defentsan lan bikaina eginda, bide guztiak itxi dizkio aurkariari eta ezinean ibili da Italiako taldea. Erasoan ere ondo ibili da Bilbao Basket, eta garaipena bideratuta utzi du hirugarren laurdenaren amaieran (63-39).
Eroso eta lasaitasunez jokatu ditu Bilboko taldeak azken hamar minutuak. Fortitudo Boloniak ez du arazoetan jarri talde bizkaitarra, eta Bilbao Basketek garaipena eskuratu du (82-54).
Fitxa teknikoa:
82 - RETAbet Bilbao Basket (19+22+22+19): Rousselle (8), Jaylon Brown (17), Zyskowski (3), Kulboka (11) eta Dos Anjos (4) -hasierako taldea-; Kljajic (7), Jenkins (4), Reyes (7), Miniotas (10), Huskic (11) eta Betolaza.
54 - Fortitudo Bolonia (18+10+11+15): Banks (13), Fantinelli (2), Palumbo (2), Withers (5) eta Hunt (9) -hasierako taldea-; Sabatini (4), Aradori (5), Fletcher eta Tote (14).
Partzialak: 19-18, 41-28 (atsedenaldia); 63-39 eta 82-54 (amaiera)
Epaileak: Yohan Rosso (Frantzia), Paulo Marques (Portugal) eta Alexandre Deman (Frantzia). Kanporaturik gabe.