Itxi

Bilbao Basket

FITXAKETA BERRIA

Leonardo Tote pibot italiarrak Bilbao Basketen jokatuko du denboraldia bukatu arte

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Italiako Serie A ligan 19 minutu jokatu ditu batez beste partidako, 8,6 puntu eta 3,8 errebote lortuz eta selekzioko kategoria gazteetan jokatu du.

  • Leonardo Tote

    Leonardo Tote. Argazkia: Bilbao Basket

Leonardo Tote 23 urte eta 2,11 metroko pibot italiarrak RETAbet Bilbao Basket taldean jokatuko du 2020-2021eko denboraldia bukatu arte, talde bilbotarraren barneko jokoa indartu nahian Endesa Ligako azken partidei begira.

RETAbet Bilbao Basketek sarean jakinarazi duenez, jokalaria Fortitudo Bologna taldetik dator; hain zuzen, Bilboko taldeak italiarren aurka jokatu zuen Basketball Champions League txapelketako multzoen fasean. Italiako Serie A ligan 19 minutu jokatu ditu batez beste partidako, 8,6 puntu eta 3,8 errebote lortuz.

Bilboko taldeko pibot berriak Italiako selekzioko kategoria gazteetan jokatu du, eta selekzio nagusiarekin jokatzeko ere deitu dute 2022ko Eurobasketerako sailkatzeko FIBA leihoetan, baina ez du debutatu.

Toterekin Bilbao Basketek azken asteetan gutxitutako barne-jokoa indartuko du. Ondrej Balvin, Arnoldas Kulboka eta Regimantas Miniotas ezin izan ziren joan den larunbatean entrenamenduetara itzuli taldekideekin batera, jokalariek egin behar izan zuten hamar eguneko konfinamenduaren ondoren, oraindik birusaren sintomak zituztelako.

Bilboko taldeak Endesa Ligan jarraitzea jokatzen du bost partidatako azken esprint honetan. Lehena asteazken honetan izango da, Miribillan, Herbalife Gran Canariaren kontra (18:30ean).

Ondoren, Urbas Fuenlabrada hartuko du hilaren 15ean (20:45ean), larunbata; 18an, asteartea, Hereda San Pablo Burgos (18:30ean) eta Badalonako Joventuta hilaren 23an (igandea), oraindik ordutegirik zehaztu gabe dagoen azken liga-talkan.

Azken partida horren aurretik, Alex Mumbruren jokalariek Real Madril liderra bisitatuko dute hilaren 20an (21:15ean).

Denboraldi honetan zazpi garaipen besterik ez ditu lortu, eta Bilbao Basket azkenaurrekoa da taulan, Acunsa GBCrekin berdinduta eta Movistar Estudiantesen bi garaipenetara.

Endesa Ligan mantentzeko, gutxienez bost partida horietatik hiru irabazi beharko ditu. Lau izango dira, baldin eta Estudiantesek San Pablo Burgos gainditzen badu.