Bilbao Basket
Euroliga
CSKAk Gescrapi berriz irabazi dio eta kanporaketa maldan gora jarri du
Erredakzioa
Gescrapi berriro irabazi dio Moskuko taldeak (79-60). Hala ere. Katsikarisen mutilek aurpegia eman dute, baina CSKAko jokalarien kalitateak eta aulkiaren sakontasunak partida erabaki dute.
-
Kirilenko Banicen barnekaldia oztopatzen. Argazkia: EFE
Moskuko CSKA (26+15+17+21): Teodosic (18), Siskauskas (5), Kirilenko (20), Khryapa (13) eta Krstic (5) -hasierako bostekoa-; Gordon (6), Shved (4), Vorontsevich (3), Kaun (5) eta Kurbanov (-).
Gescrap Bizkaia (15+21+16+8): Jackson (12), Vasileiadis (-), Mumbru (3), Hervelle (3) eta D'or Fischer (6) -hasierako bostekoa-: Raul Lopez (13), Blums (6), Grimau (-), Banic (8), Mavroeidis (9) eta Josh Fischer ().
Partzialak: 26-15, 41-36 (atsedenaldia); 58-52 eta 79-60 (azken emaitza).
Milos Teodosic eta Andrei Kirilenko Moskuko CSKAko bi izar handiek Gescrap Bizkaiaren hobekuntza ezer ezean utzi dute gaur. Euroliga final-laurdenetako lehen partidan baino hobeto moldatu dira beltzezko gizonak, baina ez da nahikoa izan. Honenbestez, kanporaketa 2-0ekoarekin helduko da Bilbora.
Teodosic Serbiako antolatzailea (18 puntu, 9 asistentzia eta 27ko balorazioa) eta Kirilenko Errusiako hegalekoa (20 puntu, 12 errebote eta 31ko balorazioa) erabakigarriak izan dira. Partida hasieran CSKA bultzatu dute bi jokalariek, eta ondoren markagailua iraultzeko saiakera bilbotarra geldiarazi dute.
Raul Lopezek (13 puntu) itxaropena piztu du lehen laurdenaren amaieran. Baina une erabakigarrietan taldekideek kale egin dute eta Bizkaia kanporaketa maldan gora duela itzuliko da Bilbora.
Bizkaiarentzat modurik okerrenean hasi da norgehiagoka, hau da, lehen partida hasi zen bezalaxe. Teodosicek, Kirilenkok eta Khryapak 24 puntu sartu dituzte lehen laurdenean. Horrela, Moskuko taldeak 6-0 aurrea hartu du markagailuan eta seigarren minutuan zortzi puntuko aldea zuen (13-5). Era berean, zortzigarren minutuan 15 puntuko aldea eskuratu dute errusiarrek (25-10).
Bigarren hamar minutuek ez dute zerikusirik izan aurrenekoekin, izan ere, Jonas Kazlauskasen mutilek ez dute asmatu eta Bizkaiak borrokarako grina azaldu du.
Horrela, bigarren zatira aukerak zituztela heldu dira bilbotarrak, nahiz eta Mumbruk, Banicek eta Vasileiadisek punturik ez sartu.
Baina orduan Gordon azaldu da sei minuturen faltan CSKAri abantaila erabakigarria emateko (67-55). Azken minutuetan Teodosicek eta Kirilenkok lan ona borobildu dute emaitza mingarri bat uzteko.