Itxi

Bilbao Basket

FITXAKETAK

Bilbao Basketek Denzel Andersson hegal-pibota fitxatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jokalari suediarrak denboraldi baterako kontratua sinatu du Bilboko taldearekin.

  • Denzel Andersson, Bilbao Basketeko fitxaketa berria

    Denzel Andersson, Bilbao Basketeko fitxaketa berria. Argazkia: Bilbao Basket

Surne Bilbao Basket taldeak Denzel Andersson hegal-pibot suediarra fitxatu du Poloniako Arged BM Stal Ostrow Wielkopolski taldetik. Urtebeterako kontratua sinatu du Anderssonek "beltzezko gizonekin", Bilboko taldeak astearte honetan jakinarazi duenez.

25 urte eta 2,04 metroko jokalariak Poloniako liga irabazi zuen 2021-2022ko denboraldian, eta FIBAren Europako kopako txapeldunorde geratu zen.

Joan zen denboraldian, berriz, 8,5 puntu sartu, 3,5 errebote harrapatu eta 1,2 txapel jarri zituen, batez beste, Saskibaloiko Txapeldunen Ligan aipatu taldearekin jokatzen. Aurretik Suediako Ligan aritu zen, Lulea taldean, eta honako batez bestekoak izan zituen 2019-2020ko denboraldian: 14,7 puntu, 6,9 errebote eta 1,7 txapel.

Bilboko taldeko jokalari berria ohikoa izaten da Suediako selekzioaren deialdietan, eta 2023ko Munduko Txapelketarako sailkapen partidetan 11,3 puntu eta 2,3 erreboteko batez bestekoak izan ditu.