Itxi

Gipuzkoa Basket

60-67

GBCk bigarren garaipena jarraian lortu eta salbaziorako aurrerapausoa eman du

Erredakzioa

Delteco GBC taldeak 60-67ko emaitzarekin irabazi dio Iberostar Teneriferi. Bigarren garaipena jarraian lortu du Gipuzkoa Baseketek, eta salbazioa lortzeko aukerak handitu ditu.

5:20
Delteco GBC

Delteco GBC taldeak garaipena lortu du Iberostar Teneriferen aurka (60-67) Endesa Ligako 24. jardunaldiko partidan. Bigarren neurketa jarraian irabazi du talde gipuzkoarrak, eta Endesa Ligako sailkapeneko azken postuan jarraitzen duen arren, salbazioa lortzeko aukerak handitu egin ditu.

Lehiatua izan da neurketa, oso parekatua hasieratik amaieraraino. Lehen laurdena oso saskiratze gutxikoa izan da. Horren erakusle izan da, hasierako laurdenaren erdialdean seina (6-6) berdinduta joan dela norgehiagoka.Bi taldeetako bat ere ez da gai izan partida hausteko, eta Gipuzkoa Basketek puntu bakarreko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (11-12).

Bigarren laurdenaren hasieran lau puntuko errenta hartu du Iberostar Tenerifek (16-12), baina Delteco GBCk ez dio utzi abantaila handitzen aurkariari. Lehen laurdenean gertatu bezala, parekotasuna nagusitu da. Atsedenaldira iristeko hiru minutu falta zirenean, lau puntuko aldea hartu du Tenerifek (24-20), eta bi puntuko abantailarekin heldu da atsedenaldira etxeko taldea (28-26).

Atsedenalditik kantxara bueltatu ostean, partidaren gidoiak berdin jarraitu du. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan abantaila handiak hartzeko. Neurketako 25. minutuan, berdinketa nagusi markagailuan (35-35). Hirugarren laurdenaren azken txanpan aurkaria baino gehiago izan da Gipuzkoa Basket, eta sei puntu aurretik iritsi da azken laurdenera (40-46).

Azken hamar minutuei hasiera bikaina eman die Delteco GBC taldeak, zazpi puntuko errenta eskuratuta (46-53). Gainera, bederatzi punturainoko abantaila ere lortu du (48-57), amaierarako bost minutu falta zirenean. Talde gipuzkoarrak, bost puntuko aldearekin (56-61) ekin dio azken minutuari, baina Iberostar Tenerife hiru puntura hurbildu da (58-61). Hala ere, Gipuzkoa Basketeko jokalariak ez dira urduri jarri, ondo jokatu dituzte partidako azken baloi-jabetzak, eta garaipenak ez die ihes egin (60-67).

Fitxa teknikoa:

60. Iberostar Tenerife (11+17+12+20): San Miguel (9), White (6), Beirán (14), Abromaitis (5), Iverson (10) -hasierako taldea-, Richotti (2), Niang (-), Saiz (2), Joesaar (-), Gillet (6), Bassas (6) eta Staiger (-).

67. Delteco GBC (12+14+20+21): Perez (-), Nevels (8), Salvo (12), Burjanadze (14), Sekulic (8) -hasierako taldea-, Rebec (8), Zeisloft (7), Van Lacke (-), Barro (2), Bobrov (-) eta Corbacho (8).

Epaileak: Castillo, Araña eta Sanchez Mohedas.