Itxi

Gipuzkoa Basket

Garaipen garrantzitsua

Gipuzkoa Basket jaitsiera postuetatik atera da, UCAM Murtziari irabazita

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrek garaipen garrantzitsua lortu dute etxetik kanpo 61 eta 74 irabazita, baina averagea azken segundoan galdu dute.

  • Oleson (Murtzia) eta Sekulic (GBC)

    Oleson (Murtzia) eta Sekulic (GBC). Argazkia: Efe.

Gipuzkoa Basket Endesa Ligako jaitsiera postuetatik atera da UCAM Murtziari irabazi ostean. Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan dira partida osoan, eta Garrett Nevels izan da Sergio Valdeolmillosen taldeko erreferentzia nagusia.

Delteco GBC nagusi izan dira lehen minutuetatik, baina markagailuan alde handirik lortu gabe. Lehen bi laurdenetan aurretik amaitu dute (20-23 eta 14-17), eta horri esker sei puntu goitik iritsi dira atsedenaldira (34-40).

Nevel, bederatzi punturekin, eta Bega Burjanadze, zortzirekin, onenak izan dira lehen zatian, donostiarren artean. Murtziarrei dagokienez, Manu Laconte joko antolatzaile belgikarrak sartu ditu puntu gehien, zazpi guztira.

Etxeko taldeak oso txarto hasi du hirugarren laurdena, eta hori aprobetxatuta Deltecok 17 puntuko aldea zabaldu du markagailuan (34-51) hirugarren laurden horretako erdi aldean. Daniel Perezek sartutako hirukoari esker, alde horri eutsi diote laugarren laurdenaren atarian (42-59).

Murtziak zazpi puntu bakarrik sartu ditu hirugarren laurdenean eta azkenekoan ez dira hobeto aritu. Hala ere, bederatzi puntura hurbiltzea lortu dute amaierarako bost minuturen faltan, Edu Duranen hirukoari esker (54-63).

Nevelsek taldea bere gain hartu du eta GBC garaipenera eraman du, Murtzia galduta ibili dela aprobetxatuta. Hala ere, Sito Alonsoren taldeak aldeko averageari eustea lortu du azken segundoan Charlon Kloofek sartutako hirukoaren bidez.

Horrela, Delteco GBC jaitsiera postuetatik atera da 22 jardunaldi bertan eman ondoren, eta Murtzia da orain zuloan dagoena.


Fitxa teknikoa

61. UCAM Murcia (20+14+8+19): Booker (3), Doyle (6), Rojas (2), Soko (9) eta Cate (2) -hasierako boskotea-, Edu Durán (3), Radoncic (2), Kloof (10), Mitrovic (2), Oleson (3), Hunt (7) eta Lecomte (12).

74. Delteco Gipuzkoa Basket Club (23+17+19+15): Rebec (8), Nevels (19), Daniel Martín (7), Burjanadze (13) eta Barro (7) -hasierako boskotea-, Zeisloft (-), Maiza (5), Sekulic (8), Salvó (-), Bobrov (4) eta Van Lacke (3).