Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak bere historiako hasierarik txarrena du Euroligan (79-91)

EITB

Gasteizko taldeak bosgarren porrota jarraian jaso du txapelketa horretan.

  • Khalifa Diop, Partizanen aurka. Argazkia: EFE.

    Khalifa Diop, Partizanen aurka. Argazkia: EFE.

Baskoniak bosgarren porrota jarraian jaso du Euroligan, Partizanen aurka 79-91 galduta, Gasteizen jokatu den bosgarren jardunaldiko partidan. Horrela, bere historiako txapelketa hasiera txarrena izan du.

Partida trabatuta hasi da, bi taldeek akats ugari eginda. Paolo Galbiatiren aldaketek Baskoniaren jokoa hobetu dute, 3 hiruko jaso arren. Serbiako taldeak, baina, erreakzionatu egin du, eta aurretik amaitu du lehen laurdena: 20-22.

Zeljko Obradovicen mutilek oso ondo babestu dute euren uztaia, ia ez dute bigarren aukerarik utzi eta erasoan lortutako abantailez baliatu dira atsedenaldira iritsi aurretik berriro aldea zabaltzeko: 40-48.

Galbiatik baserik gabe jokatu eta joko fisikoagoaren aldeko apustua egin du partidara itzultzeko, eta Clement Frischen 2 hirukok dena irekita utzi dute azken laurdenerako, 64-66, 10-1eko partziala egin ondoren.

Baskoniak 77-77ko berdinketa jarri du markagailuan partida amaitzeko 2:20 falta zirenean, baina Duane Washingtonen 2+1 puntuko jokaldi batek garaipena lortzeko bidea erraztu die bisitariei. Washingtonek 8 puntu jarraian lortu ditu minutu batean, eta bere taldearen alde jarri du markagailua, azken emaitza argia uzteko: 79-91.