Baskonia
Endesa liga
Laboral Kutxak Herbalife hartuko du ligako estreinakoan
Erredakzioa
Sergio Scarioloren gizonen partida zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.com-ek 12:15etatik aurrera.
-
Laboral Kutxak etxean emango dio hasiera saskibaloi txapelketari. Efe.
Laboral Kutxak Herbalife Kanaria Anidaren kontra jokatuko igandean (zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en) 2013-2014 Endesa Ligako estreinako partidan. Herbalife ez da arabarren gustuko aurkaria, iaz ligako finalerdietatik kanpo utzi baitzituen gasteiztarrak.
Ordutik ia bost hilabete joan dira, eta Baskoniak itxura aldatu du norabide aldaketa errazteko asmoz: taldean jokalari berriak daude, eta ilusioz betetako proiektua sortu dute Querejeta presidenteak eta Scariolo entrenatzaileak.
Lehen jardunaldian emaitza ona lortu eta azken asteetan sortutako eszeptizismoarekin amaitu nahi dute, izan ere, azken boladan, zalantza handiak sortu dira taldearen aukeren eta potentzialaren inguruan, batez ere Superkopan gertatutakoa ikusi ondoren.
Bajak
Arabarrek, hala ere, ez diote ligari sasoi onenean ekingo. Fabien Causeur hegalekoak ez ditu bere arazo fisikoak guztiz gainditu eta ez dago jokatzeko egoerarik onenean.
Leo Mainoldi eta Adam Langa ere min hartuta daude. Horien lekua Daniel Clark eta Thomas Kelati aldi baterako fitxaketek beteko dute.