Itxi

Baskonia

Gaur, 19:00etan

Laboral Kutxa, final-laurdenetako borrokan sartzeko garaipenaren bila

Erredakzioa

Euroligako Top 16an, multzoko lehen lau postuetako borrokan sartu nahi du Baskoniak, eta horretarako garaipena erdietsi beharko du Fenerbahceren kantxan, Istanbulen.

  • Ibon Navarro Laboral Kutxako entrenatzailea. Artxiboko irudia: EFE

    Ibon Navarro Laboral Kutxako entrenatzailea. Artxiboko irudia: EFE

Laboral Kutxak Fenerbahceren kantxa bisitatuko du gaur, Istanbulen. Euroligako Top 16an, multzoko lehen lau postuetako borrokan sartu nahi du Baskoniak, eta horretarako garaipena erdietsi beharko du. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute norgehiagoka.

Turkiako taldea oso indartsu agertu da orain arte, eta gasteiztarrek oso emaitza eskasak lortu dituzte etxetik kanpo Euroligan. Hori horrela, Istanbulgo kantxan irabaztea lan zaila izango dela ematen du.

Baskoniak zazpi partida jokatu ditu etxetik kanpo Euroligan, eta garaipen bakarra lortu du; Galatasarayren kantxan izan zen, Doron Perkinsen erakustaldi batekin. Top 16ra sailkatzeko txartela eskuratu zuen Gasteizko taldeak garaipen horrekin.

Bi aurpegi

Azken hilabete eta erdian, jokoa hobetu dute gasteiztarrek, baina bi aurpegiko taldea izaten jarraitzen du. Laboral Kutxa oso sendo azaldu da Buesa Arenan. Horrela, Bartzelona eta Emporio Armani Milan mendean hartu zituen, 100 puntu baino gehiago sartuta. Baina Gasteiztik urrun arazoak ditu Baskoniak, eta talde ahula ematen du. Arabarrek bederatzi partida galdu dituzte Endesa Ligan etxetik kanpo.

Bi partida irabazita eta hiru galduta heldu da Baskonia seigarren jardunaldira. Turkiarrek, aldiz, hiru norgehiagoka irabazi dituzte. Beste porrot batek aurreneko lau postuetatik urrun utziko lituzke gasteiztarrak.