Itxi

Baskonia

Euroliga

Laboral Kutxa Baskonia, Lauko Finalerako prest

Erredakzioa

Arabako taldeak Fenerbahçeren aurka jokatuko du finalerdia ostiral honetan, 21:00etan. Maiatzaren 15eko finalera sailkatzea izango dute helburu. Partida guztiak, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en.

  • Darius Adams eta Mike James. Argazkia: EFE

    Darius Adams eta Mike James, Baskoniako jokalariak. Argazkia: EFE

Iritsi da Euroligako Lauko Finaleko astea eta Laboral Kutxa Baskonia bere historiako hitzordu garrantzitsuenetako baten aurrean dago. Lauko Finala maiatzaren 13tik 15era artean jokatuko da Berlinen. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dituzte ostiraleko bi finalerdiak eta maiatzaren 15ean jokatuko den final handia.

Baskoniak partidez jositako bi aste izan ditu. Bartzelonaren aurka atzeratuta geratu zen partida jokatu zuen lehenengo; ondoren, Endesa Ligako partida jokatu zuen duela bi asteburu; asteazkenean (maiatzak 4) FIATC Joventuten aurka jokatu zuten, eta igaro berri den asteburuan Endesa Ligako partida izan zuten Morabanc Andorraren kontra. Orain, Lauko Finalean besterik ez dute pentsatu behar.

Velimir Perasovic entrenatzaileak jokalari guztiak prest ditu ostiraleko hitzordu handirako. Fabian Caseur justutxo iristen da, baina beste taldekide guztiak sasoiko daude. Darius Adams eta Mike James erakustaldiak ematen ari dira azken partidetan, Bourousis Euroligako bosteko onenean sartu dute, eta Adam Hangak bere azken lesioa guztiz gaindituta duela erakutsi du. Gainera, gutxiago jokatzen duten jokalariek argi utzi diote Perasovici berak nahi duenean onena emateko prest egondo direla.

Ostiralean, ordea, Baskoniak ez du aurkari erraza izango. Fenerbahçe Euroliga irabazteko hautagi nagusietako bat da, eta final-laurdenetan Real Madril aise kanporatu zuen. Turkiarren eta euskaldunen arteko lehiatik finalista bat aterako da, eta beste finalista errusiarra izango da CSKAk eta Lokomotivek indarrak neurtuko baitituzte beste finalerdian.

Lauko finala maiatzaren 13an hasiko da, 18:00etan jokatuko den CSKA-Lokomotiv finalerdiarekin. Egun berean, baina 21:00etan, Baskonia-Fenerbahçe finalerdia jokatuko da. Final handia maiatzaren 15ean (ostirala) izango da.