Baskonia
EUROLIGA: 16. JARDUNALDIA
Bolada txarrean dabilen Baskoniak Fenerbahceren kantxa gaiztoari egin behar dio aurre
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabarrek bezala, turkiarrek ere kontrako emaitzak jaso ditu azken sasoian; izan ere, Europako txapelketan neurketa bakarra irabazi du azken lauretatik.
-
Kevin Jones, Fenerbahceren aurkako aurreko partidan. Argazkia: EFE
Azkenaldian erdipurdi dabilen Baskoniak Fenerbahce Dogus taldearen pista zaila bisitatuko du gaur (18:45), Euroligako hamaseigarren jardunaldian, emaitza kaskarren bolada atzean uzteko asmoz.
Gasteiztarrek lau porrot pilatu dituzte azken bost partidatan, eta kaskar ari dira jokoari dagokionez; horrez gain, hainbat jokalari min hartuta dabiltza.
Asteazken honetan Real Madrilen kontra Endesa Ligan galdu ostean, Pedro Martinezen mutilak berehala suspertu beharko dira txapelketako talderik onenetakoa eta egungo txapelduna denari aurre egiteko.
Joaneko norgehiagokan, Zeljko Obradovic entrenatzaile serbiarraren mutilek 69-83 irabazi zuten Buesa Arenan, nahiz eta etxekoek ondo ekin zioten lehiari; alabaina turkiarrek hamar puntuko aldea iraultzea lortu zuten.
Baskoniak bezala, Fenerbahcek ere kontrako emaitzak jaso ditu azken sasoian; izan ere, Europako txapelketan neurketa bakarra irabazi du azken lauretatik.
Turkiarrek galdu egin dituzte etxean jokatutako azken bi partidak (Real Madrilen eta Zalgirisen kontra), eta horrek sailkapenean bosgarren postura jaistea eragin die, bederatzi garaipen eta sei porrotekin.
Baskoniarrek arreta berezia jarri beharko dute Jan Vesely (14,1 puntu partidako), Brad Wanamaker (13,7 puntu) eta Luigi Datome italiarrak (11,7 puntu) osatzen duten hirukoteari, baina Kostas Sloukas greziarra bistatik galdu gabe.
Obradobicek ezin izango du Nikola Kalinic kantxaratu; Pedro Martinezek, bere aldetik, Janis Timmaren zalantza izango du azken unera arte, Rinalds Malmanis eta Jordan McRae jokalarien baja jakinak izateaz gain.
Datu horiek guztiak gorabehera, historiak parekotasun handia islatzen du talde biek Istanbulen jokatzen dutenean. Hamar aldiz elkar ikusi dute bertan, eta bakoitzak bost garaipen poltsikoratu ditu.
Hain zuzen ere, joan zen urtean Baskoniak irabazi egin zuen Fenerbahceren etxean (74-79), Shane Larkin joko-antolatzailearen lan bikaina zela medio.
zela medio.