Itxi

Baskonia

Ostiralean, 19:45ean

Kirolbet Baskoniak porrota ahaztu eta Fenerbahçe ustekabean harrapatzen saiatuko da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bost partida izan ditzakeen kanporaketako lehendabiziko lehia galdu ostean, gasteiztarrek bigarren aukera izango dute ostiral honetan.

  • Johannes Voigtmann, errebote baten lehian. Argazkia: EFE

    Johannes Voigtmann, errebote baten lehian. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia behartuta dago Euroligako play-offetako lehen partidan jaso zuen porrota (82-73) alde batera utzi eta Fenerbahçe Dogus talde turkiarra bere kantxan ezustean harrapatzen saiatzera ostiral honetan jokatuko den kanporaketako bigarren norgehiagokan.

Lehendabiziko partidan Baskoniak motel ekin zion lehiari eta bigarren zatian piztu egin bazen ere, etxekoek neurketaren kontrola eskuan izan zuten uneoro. Horrenbestez, gasteiztarrak buru-belarri jardun beharko dute hasieratik bertatik, lehiaketako egungo txapelduna arazoetan sartu eta turkiarren kantxan irabazteko aukerak izan nahi baldin badituzte.

Jayson Granger joko-antolatzaile uruguaitarrak jokatu ezinda jarraituko du bigarren neurketa horretan ere; beraz, Marcelinho Huertas eta Luca Vildoza izango dira taldeko jokoa zuzentzeko ardura izango dutenak. Dena den, taldekide gehiago batu beharko lirateke zeregin horretara, Zeljko Obradovicen taldeari aurre egiteko moduan egon ahal izateko, zeinak txapelketako defentsa sendoena duen.

Arabarrek ezin dezakete bigarrenez zalantzarik egin eta ahultasun zantzurik erakutsi bere arerioaren aurrean, hark ondo baino hobeto aprobetxatzen baititu besteen ahuldadeak. Hartara, behartuta daude lehen partidako bigarren zatian azaldutako joko moldea plazaratzera.

Baloia alde batetik bestera zentzuz mugitzea eta saskiaren aurrean eraginkor azaltzea ezinbestekoa izango da. Horrez gain, Johannes Voigtmann alemaniarraren  Vincent Poirier frantziarraren puntu ekarpena eta defentsa lana ere nahitaez agertu beharko dira, lehen neurketan sei puntu eta zazpi errebote bakarrik bildu baitzituzten bien artean.

Emaitzaz aparte, bigarren lehiaren ostean, kanporaketa Gasteizera lekualdatuko da. Fernando Buesa Arenak kanporaketa hirugarren lehia hartuko du datorren asteartean, 21:00etatik aurrera. Laugarren partida beharrezkoa izanez gero, ostegunean jokatuko da toki eta ordu berean.