Itxi

Baskonia

Play-off Liga Endesa

Kirolbet Baskonia, Bartzelonaren aurkako bigarren garaipenaren bila gaur

AGENTZIAS | ERREDAKZIOA

Fernando Buesa Arena izango da berriro lehia hartuko duena 21:00etan, baina katalanek bigarren neurketa hau oso bestelakoa izatea espero dute lehendabizikoaren aldean.

  • Ante Tomic eta Rodrigue Beaubois aurerz aurre lehendabiziko partidan. Argazkia: EFE

    Ante Tomic eta Rodrigue Beaubois aurerz aurre lehendabiziko partidan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak bigarren garaipena lortu nahi du gaur Bartzelonaren aurka jokatzen ari den Endesa Ligako finalerdietako kanporaketan.

Pedro Martinezen mutilek lehenengo partidan lortu zuten 25 puntuko abantaila talde bien artean kantxa barruan izandako alde nabarmenaren isla besterik ez zen izan. Egoera horrek argi gorriak piztu ditu Bartzelona aldean; Gasteizen, berriz, finalera heltzeko euren bide-orriarekin jarraitzen dute.

Fernando Buesa Arena izango da berriro lehia hartuko duena, baina katalanek bigarren neurketa hori oso bestelakoa izatea espero dute lehendabizikoaren aldean.

Aitzitik, Baskonia lehia aurrekoaren bidetik joan dadila saiatuko da: kanpoko marratik eraginkor aritzea eta Thomas Heurtelen eta Ante Tomicen gainean, hots, talde katalanaren jokalari eraginkorrenen gainean, defentsa on bat egitea.

Svetislav Pesic entrenatzaileak ezin izango ditu Pierre Oriola eta Pau Ribas bezalako jokalari adoretsuak erabili bigarren neurketan ere. Pedro Martinezek, aldiz, jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu, eta kanporaketa oso alde uzteko ahalegina egingo dute Palau Blaugranara bidaiatu aurretik.

Arabarrak jakitun dira 2-0ekoa lortuz gero, katalanek oso zail izango dutela kanporaketari buelta ematea, baina jakin badakite beste jokabide batekin eta energia gehiagorekin kantxaratuko direla, banakoa igoarazteko asmoz.

Jalen Reynolds estatubatuar helduberriaren ekarpena gero eta nabarmenagoa da Bartzelonaren barneko jokoan, eta hori kontuan izan beharko dute gasteiztarren pibotek, Ante Tomicek duen eraginaz gain.

Errebotearen kontrola eta bakoitzak ezar dezakeen abiadura beste giltzarrietako batzuk izango dira norgehiagokaren azken emaitzan.