Itxi

Baskonia

Gaur, Buesa Arenan

Erronka handia Kirolbet Baskoniarentzat Fenerbahçeren aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek bi garaipen eta hiru porrot lortu dituzte orain arte, eta turkiarrek, berriz, lau partida irabazi dituzte. Partida 20:30ean hasiko da.

  • Garino eta Datome joan zen denboraldiko Euroligan. Argazkia: EFE

    Garino eta Datome joan zen denboraldiko Euroligan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak erronka handiari egin beharko dio aurre gaur (20:30), Fenerbahçe talde turkiar boteretsua izango baitu aurrean Buesa Arenan, Euroligako seigarren jardunaldian.

Pedro Martinezen taldeak Darussafakari irabazi ostean helduko dio norgehiagoka horri, aurretik bi garaipen eta hiru porrot lortu dituela. Turkiarrek, ordea, partida bakarra galdu dute orain arte Europan, eta lau irabazi.

Etxekoen aldetik, Tadas Sederkerskis lituaniarrak ezingo du jokatu, eta Vincent Poirier pibot frantziarra zalantzan dago, sorbaldan uzkurdura baitu.

Fenerbahçeri dagokionez, Tyler Ennis joko-antolatzailearen lesio larria azpimarratu beharra dago. Hark egiten zituen lanak Ali Muhammed turkiarrak eta Kostas Sloukas greziarrak hartu beharko dituzte euren gain. Dena den, talde turkiarrak Erick Green Valentziako jokalari ohia fitxatu berri du Ennis ordezkatzeko asmoz, baina oraindik ez du debutatu.

Zeljko Obradovicek zuzentzen duen taldeak NBAn ari zen Joffrey Lauvergne pibot frantziarra fitxatu du aurten, baina Jan Vesely txekiarrak jarraitzen du taldeko erreferentzia izaten.

Deigarria da Fenerbahçe Euroligako talderik txarrena izatea erreboteen alorrean. Baskonia, berriz, eroso sentitzen da zeregin horretan, baina kanpoko jaurtiketen eraginkortasunean hobetu beharko du garaipena lortzeko bidean.

Turkiarrek hirutan bakarrik irabazi dute Gasteizen, baina iaz lortu zuen azken garaipena, Lauko Finalerako sailkapena ematen zuten play-offetan, hain zuzen ere.

Fitxa teknikoa:

Kirolbet Baskonia: Granger, Hilliard, Shields, Shengelia eta Voigtmann –baliozko hasierako bostekoa–; Diop, Poirier, Huertas, Janning, Garino, Vildoza eta Penava.

Fenerbahçe: Sloukas, Kalinic, Datome, Melli eta Lauvergne –baliozko hasierako bostekoa–; Vesely, Mahmutoglu, Ali, Guduric, Guler, Green eta Duverioglu.

Epaileak: Radovic, Boltaurzer eta Obrknezevic.

Pabiloia: Fernando Buesa Arena.

Ordua: 20:30.