Itxi

Baskonia

8. JARDUNALDIA

Perasovicen Baskonia, Euroligako ibilbidea zuzentzeko asmoz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteizko taldeak txapelketako errebelazioa izaten ari den Armani Milanen kantxa bisitatuko du gaur asteazkeana 20:45ean. Bost partida irabazi dituzte orain arte italiarrek, eta bi galdu.

  • Baskoniak galdu egin zuen aurreko jardunaldian Buducnosten etxean. Argazkia: EFE

    Baskoniak galdu egin zuen aurreko jardunaldian Buducnosten etxean. Argazkia: EFE

Velimir Perasovic entrenatzaile kroaziarra Armani Milanen aurka estreinatuko da gaur asteazkena 20:45ean Baskoniarekin Euroligan aurtengo denboraldian. Talde italiarra aurtengo txapelketako ezusteko nagusiena ari da izaten hasierako txanpa honetan, laugarren baitago sailkapenean, bost partida irabazi eta bi galduta.

Klubak Pedro Martinez ustekabean kargutik kendu eta gero, Perasovicek bere hirugarren aroa hasi zuen joan zen asteburuan talde arabarra zuzentzen. Emaitza onarekin ekin ere, gasteiztarrek garaipena lortu baitzuten Herbalife Kanaria Handiaren aurka Buesa Arenan (91-76).

Aitzitik, Milangoa erronka zailagoa izatea espero da; izan ere, Simone Pianigianiren mutilek Real Madrilen eta CSKA Moskuren aurka baino ez dute galdu, eta, kontrara, garaipen azpimarragarriak bildu dituzte, besteak beste, Olinpiakosen etxean lortutakoa (75-99).

Alabaina, Baskoniaren xedea Euroligan orain arte izandako ibilbide gorabeheratsua zuzentzea izan behar du (bi garaipen eta bost porrot), Gasteizen jokatuko den Lauko Finalean izateko ametsa behar baino arinago desager ez dadin.

Talde italiarrak dituen jokalari arriskutsuenetakoak Endesa Ligan aritutako zenbait dira. Horietako bik, gainera, Baskonian jokatu zuten. Mike James joko-antolatzaile estatubatuarra bi denboraldiz egon zen Gasteizen (2014/2016). Bere aldetik, Vladimir Micov serbiarrak 2009/2010 denboraldian jardun zuen Baskoniarekin, baina 7 partidatan besterik ez.

Milanek baditu ACB txapelketa ezagutzen duten beste hiru jokalari ere: Nemanja Nedovic serbiarra (Valentzia eta Unicaja), Dairis Bertans letoniarra (Bilbao Basket) eta Mindaugas Kuzminkas lituaniarra (Unicaja).

Bere aldetik, Perasovicek ez du Jayson Granger joko-antolatzailea erabili ahal izango, uruguaitarrak oraindik ere minduta baitauka esker hankako orkatila.

Asteazken honetako norgehiagokak bi taldeen artean dagoen orain arteko parekotasuna (7-7) hautsiko du.

Fitxa teknikoa:

Armani Milan: James, Bertans, Micov, Brooks eta Tarczewski –balizko hasierako bostekoa–; Nedovic, Kuzminskas, Jerrells, Gudaitis, Cinciarini, Burns eta Fontecchio.

Kirolbet Baskonia: Vildoza, Hilliard, Garino, Shengelia eta Poirier –balizko hasierako bostekoa–; Shields, Huertas, Voigtmann, Janning, Diop, Penava eta Gonzalez.

Epaileak: Jovcic, Rocha eta Mantyla.

Pabiloia: Mediolanum Forum.

Ordua: 20:45