Itxi

Baskonia

12. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskonia garaile atera da Tel Avivetik (79-81)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euroligan aurten gasteiztarrek etxetik kanpo lortu duten bigarren garaipena izan da honakoa.

  • Tornike Shengelia

    Tornike Shengelia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 79-81 irabazi du ostegun honetan Makabi Tel Aviven etxean, Euroligako fase erregularreko 12. jardunaldian. Tornike Shengelia georgiarra izan da arabarren artean jokalari nabarmenena, 20 puntu eta 18ko balorazioarekin.

Horrenbestez, Perasovicen taldeak txapelketako bosgarren garaipena eskuratu du (5 partida irabazi eta 7 galdu ditu orain arte), eta, neurri batean, zuzentzen ari da play-offetara sailkatzeko helburua erdiesteko bidean zeraman ibilbide gorabeheratsua.

Makabik hobeto heldu dio lehiaren hasierari, baina Baskoniak ondo erantzun dio israeldarren lehen oldarraldi horri, Shengeliaren ekarpenaren eta taldeak kanpoko jaurtiketetan izan duen eraginkortasunaren bidez (17-22, lehen laurdenaren amaieran).

Aitzitik, etxekoen erreakzioa Johnny O'Bryanten eskutik etorri da. Hegaleko pibot estatubatuarrak erabateko protagonismoa izan du bere taldeak 24-14ko partziala lortzeko bigarren laurdenean. Une horretan, gasteiztarrak partidatik kanpo zeudela ematen zuen, eta atsedenaldira iristea beharrezkoa zirudien erasoko jokoko ideiak berritze aldera (41-36).

Dena den, aldageletatik itzulitakoan, ez da berri onik izan Baskoniarentzat. Talde horia oso gartsu atera da, eta 10 puntuko aldea lortu du hasierako minutuetan. Arabarrek, baina, lehian jarraitu dute nola edo hala, eta markagailuko zuloa murriztea lortu dute hirugarren laurdenaren amaieraren txirrinak jo aurretik (61-54).

Markagailuari buelta

Baskoniarren kapitainak israeldarren aldetik jokalaririk emankorrena izaten ari zen Johnny O'Bryanten bosgarren falta pertsonala behartu du azken laurden erabakigarrian. Horrek Perasovicen mutilak piztu ditu, eta markagailua estutu dute Darrun Hilliardek erdietsitako hiru puntuko baten bitartez (61-60, 32. min).

Haatik, etxekoek ere hirukoak sartzeari ekin diote, eta, horri esker, arriskutsua izan zitekeen zuloa zabaldu dute berriro markagailuan, amaitzeko bost minuturen faltan. Orduan, Matt Janning azaldu da berebiziko garrantzia izan duten hiru puntuko bi jaurtiketa sartzeko. Darrun Hilliardek ere beste bat gauzatu du, eta bien artean partida berdintzea lortu dute (73-73).

Ondoren iritsi dira Shengeliak bata bestearen atzetik sartu dituen lau jaurtiketa libreak eta erasoko errebote baten ostean Poirierrek egindako saskiratzea. Ondorioz, arauzko denbora amaitzeko minutu bat eta hogei segundoren faltan, gasteiztarrek alde zuten markagailua: 76-79.

Norgehiagoka berdindurik heldu da azken 30 segundoetara (79-79). Orduan, Poirierrek, birrintze ahaltsu batekin, bi puntuko behin betiko abantaila eman dio Baskoniari partida irabazteko (79-81).

Fitxa teknikoa:

Makabi Fox Tel Aviv 79 (17+24+20+18): Wilbekin (13), Kane (13), Caloiaro (6), O'Bryant (12) eta Black (3) –hasierako bostekoa–, Cohen (3), Tyus (12), Roll (8), Levi (-), Di Bartolomeo (-), Ray (9) eta Zoosman (-).

Kirolbet Baskonia 81 (22+14+18+27): Vildoza (12), Janning (16), Shields (-), Shengelia (20) eta Poirier (12) –hasierako bostekoa–, Voigtmann (-), Huertas (-), Granger (1), Diop (5) eta Hilliard (15).

Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Elias Koromilas (Grezia) eta Arturas Sukys (Lituania). Johnny O'Bryant eta Tarik Black (Makabi) kaleratu dituzte.