Itxi

Baskonia

Atenas, 20:00etan

Baskoniak Olympiacosi egingo dio aurre gaur, bere kantxa madarikatuan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Atenasen jokatu dituzten 18 norgehiagoketatik hiru besterik ez du irabazi Baskoniak.

  • Olympiacos eta Baskonia, aurrez aurre

    Olympiacos eta Baskonia, aurrez aurre

Kirolbet Baskoniak Olympiacosi egingo dio bisita gaur, Euroligako fase erregularreko 17. jardunaldian. Baskoniak Bakearen eta Adiskidetasunaren pabiloian jokatuko du, gasteiztarrentzat madarikatua den kantxan, hain zuzen ere, duela 12 urtetik ez baitute bertan irabazi.

Baskoniak 2006/2007 denboraldian lortu zuen azken garaipena Pireon. Orduko hartan, play-offetan ikusi zuten elkar talde biek, eta arabarrak 89-95 gailendu ziren.

Ordutik, baina, ez dute partidarik irabazterik lortu Olympiacosen kantxan; izan ere, Atenasen jokatu dituzten 18 norgehiagoketatik Baskoniak hiru besterik ez du irabazi.

Aitzitik, Velimir Perasovicen mutilek ezustekoa eman nahi dute David Blattek zuzentzen duen taldearen etxean. Greziarren ezaugarri nagusiak intentsitatea, Vassilis Spanoulisen gidaritza eta saskipean azaldu ohi duen sendotasuna dira. Azken alor horretan, Georgios Printezis, Zach Leday eta, batez ere, Nikola Milutinov serbiarraren lana nabarmentzen dira.

Olympiacosek 10 neurketa irabazi ditu orain arte, gasteiztarrek baino hiru gehiago.

Arabarrek lesio askorekin egingo diote aurre lehiari, besteak beste, Jayson Granger eta Tornike Shengelia luzerako lesionatuta baitaude. Gainera, egun gutxiren buruan Fenerbahçe (96-87) eta Baxi Manresa (66-82) taldeen aurka jokatu dute, eta energia asko xahututa iritsiko dira Greziara.

Azken minutuetara partida irabazteko moduan helduz gero, Baskoniak eraginkor agertu beharko du kanpoko jaurtiketetan, eta, horrez gain, ezinbestekoa izango da arerioak ezarriko duen maila fisikoari eustea.

Dena dela, talde biek antzeko estatistikak dituzte aurtengo Euroligan. Egotekotan, atzeko lanean dago bien arteko alderik esanguratsuena, greziarrek gasteiztarrek baino bost puntu gutxiago jasotzen baitituzte, batez beste: 76.

Joaneko partidan, Olympiacosek bost puntuko aldearekin irabazi zuen Buesa Arenan (80-85).