Itxi

Baskonia

Garaipena, etxean

Baskoniak ez dio Obradoirori aukerarik eman, bigarren zati bikaina jokatuta

Agentziak | Erredakzioa

Jalen Jones gazteak 16 minutu jokatu ditu bere debutean: 12 puntu sartu eta 8 errebote hartu ditu, baina ezin izan du jokatzen jarraitu egindako falta kopuruaren ondorioz.

Baskonia

Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du Monbus Obradoiriren aurka (72-63) eta ondo ekin dio Endesa Ligako bigarren itzuliari. Gasteizko taldeak sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du, 13 garaipeneko eta 5 porroteko balantzearekin.

Neurketa oso parekatuta hasi da (6-6), baina laugarren minututik aurrera abantaila hartu du Obradoirok (6-13). Zazpi puntuko desabantaila izan du talde gasteiztarrak, baina zazpi puntu jarraian lortuta, norgehiagoka berdindu du (13-13). Lehen laurdeneko azken bi minutuetan nagusi izan da talde bisitaria, eta hiru puntuko abantaila eskuratu du (15-18).

Bigarren laurdenari askoz hobeto ekin dio Baskoniak. Perasovicek zuzentzen duen taldea nagusi izan da hamargarren minututik aurrera. Hori bai, lan eskerga egin behar izan du Baskoniak aurrea hartzeko, Obradoiro ez baita etsitzeko egon. Atsedenaldira iritsi aurreko bi minutuetan lortu du partida haustea talde gasteiztarrak, eta 12 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (38-26).

Atsedenaldiaren ostean, Baskoniak bere nagusitasuna areagotu du. Obradoiro ezinean ibili da, eta Perasovicek zuzentzen duen taldea abantaila hartzen hasi da, azken laurdenera hamalau puntuko abantailarekin heldu delarik (54-40).

Hirugarren laurdenean hartutako abantaila ondo kudeatu du Kirolbet Baskoniak azken laurdenean. Obradoirok ez du Arabako taldea zailtasunetan jarri eta garaipena eskuratu du Buesa Arenako taldeak (72-63).

Fitxa teknikoa

72 - Kirolbet Baskonia (15+23+16+18): Vildoza (2), Janning (16), Shields (15), Voigtmann (4) eta Poirier (6), -hasierako boskotea- Huertas (6), González (-), Diop (6), Jalen Jones (12) eta Hilliard (5).

63 - Monbus Obradoiro (18+8+14+23): Sàbat (2), Vasileiadis (12), Singler (10), Brodziansky (11) eta Hlinason (6), -hasierako boskotea- Simons (-), Llovet (12), Obst (-), Spires (6), Navarro (2) eta Pozas (2).

Epaileak: Miguel Angel Perez Perez, Juan de Dios Oyon eta Arnau Padros. Jones kanporatu dute (40. min) bost falta egiteagatik.