Itxi

Baskonia

20. jardunaldia

Kirolbet Baskoniak galdu egin du azkena den Darussafakaren etxean (80-75)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen taldea ondo hasi da, baina bigarren zatian ezinean aritu da talde turkiarrari garaipena lehiatzeko ahaleginean.

  • Vincent Poirier

    Vincent Poirier. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia gris batek galdu egin du Darussafaka (80-75) talde turkiarrarekin, Euroligako 20. jardunaldian. Gasteiztarrek baloi ugari galdu dituzte (16) eta ohi baino erraztasun gehiago eman dituzte defentsa lanetan. Bi arlo horietan izandako ahuldadeek eragotzi egin diete gasteiztarrei garaipen garrantzitsu bat lortzea.

Istanbulen galdu eta gero, Gasteizko taldeak postu bat egin du behera sailkapenean, eta, ondorioz, play-offetako postuetatik kanpo geratu da behin-behinean. Dena den, zortzigarrena den Armani Milan taldeak dituen garaipen (9) eta porrot (11) kopuru bera ditu, baita hamaikagarrena den Makabik ere.

Michael Eric (18 puntu eta 20ko balorazioa) eta Toney Douglas (21 puntu eta 30eko balorazioa) estatubatuarrak izan dira turkiarren aldetik jokalaririk nabarmenenak.

Johannes Voigtmann alemaniarrak (14 puntu eta 22ko balorazioa) eta Matt Janning estatubatuarrak (18 puntu eta 19ko balorazioa) jokatutako norgehiagoka ona ez da nahikoa izan Darussafakari gailentzeko.

Baskoniaren aldetik, partidako berritasun nagusiena Jalen Jones hegal-pibot fitxatu berriak lehen minutuak jokatzeko parada izan dituela da. Denetara zortzi minutu pilatu ditu, eta tarte horretan bi puntu sartu eta hiru errebote eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

Darussafaka 80 (21+24+18+17): Douglas (21), Baygul (7), Kidd (7), Diebler (5) eta Eric (18) -hasierako bostekoa-, Ozmizrak (4), Akay (-), Demir (3), Ozdemiroglu (-), Savas (7) eta Peiners (8).

Kirolbet Baskonia 75 (29+18+14+14): Huertas (8), Janning (18), Shields (9), Voigtmann (14) eta Poirier (6) -hasierako bostekoa- Vildoza (5), Diop (4), Jalen Jones (2) eta Hilliard (9).

Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Spiros Gkontas (Grezia) eta Saulius Racys (Lituania). Ez da kanporaturik egon. Kirolez kontrako falta adierazi diote Señalaron Kidd etxeko jokalariari (39. min).