Itxi

Baskonia

83-101

Baskoniak bolada onean jarraitzen du Endesa Ligan, Kanaria Handiari irabazita

eitb.eus

Kirolbet Baskoniak 83-101 emaitzarekin irabazi dio Herbaliferi, eta Bartzelona liderretik bi garaipenera kokatu da.

5:18
Gran Canaria - Baskonia

Kirolbet Baskoniak bolada onean jarraitzen du Endesa Ligan, Herbalife Kanaria Handiaren aurka garaipena lortu ostean. Bartzelona liderrak galdu egin zuen larunbatean, eta talde gasteiztarra sailkapeneko bigarren postuan da, bi garaipenera.

Norgehiagokako lehen hamar minutuak oso parekatuak izan dira. Baskoniak ia laurden guztia eman du aurretik, baina alde txikiekin, soilik bi edo hiru puntukoak. Lehen laurdenaren azken txanpan, ordea, bost puntuko errenta lortu du (14-19). Hala ere, Kanaria Handiak hobeto jokatu du azken minutu eta erdia, eta neurketa berdintzea lortu du (19-19).

Bigarren laurdenaren hasieran nagusi izan da Kirolbet Baskonia. Kanaria Handia Arabako taldearen eraso jokoa eta defentsa gainditu ezinik ibili da. Ondorioz, abantaila hartzen hasi da Baskonia, eta laurdenaren erdialdean 12 puntuko errenta eskuratu du (26-38). Atsedenaldira iritsi orduko Herbalife Kanaria Handiak desabantaila apur bat murriztea lortu duen arren, Perasovicek zuzentzen duen taldea zortzi puntuko abantailarekin joan da aldageletara (40-48).

Atsedenaldiaren ostean ez da neurketaren gidoia aldatu. Kirolbet Baskonia nagusi izan da, eta aurreko laurdenetan lortu duen abantaila bikain kudeatu du. Gainera, handitu egin du atsedenaldia baino lehen eskuratutako errenta, eta 14 puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (65-79).

Azken hamar minutuetan aise nagusitu da Gasteizko taldea. Herbalife Kanaria Handia ez da gai izan aurkaria estutasunetan jartzeko, eta Kirolbet Baskoniak garaipen erosoa eskuratu du (83-101).

Fitxa teknikoa:

83 - Herbalife Gran Canaria (19+21+25+18): Hannah (3), Strawberry (8), Rabaseda (16), Baez (16) eta Pasecniks (8) -hasierako taldea-, Oliver (8), Eriksson (10), Balvin (7), Pauli (1) eta Tillie (6).

101 - Baskonia (19+29+31+22): Vildoza (22), Janning (7), Shields (19), Voigtmann (23) eta Poirier (2) -hasierako taldea-, Gonzalez (0), Diop (2), Jones (14), Hilliard (8), Kurucs (0) eta Huertas (4).

Epaileak: Jose Antonio Martin Bertrand, Jordi Aliaga eta Esperanza Mendoza. Poirier kanporatu dute, 33. minutuan.