Itxi

Baskonia

24. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak egutegi samurragoari ekingo dio Zalgirisen aurka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Teorian samurragoak izan daitezkeen hiru partida jokatuko dituzte gasteiztarrek datozen jardunaldietan.

  • Baskonia taldea garaipena ospatzen. Argazkia: EITB

    Baskonia taldea garaipena ospatzen. Argazkia: EITB

Kirolbet Baskoniak Zalgiris Kaunasen bisita hartuko du ostegun honetan (20:30), Buesa Arenan, Euroligako 24. jardunaldian. Norgehiagoka horrekin teorian samurragoa izan litekeen hiru partidako segida hasiko du Gasteizko taldeak, hura aprobetxatzeko beharrizanarekin.

Perasovicen taldea zortzigarren dago une honetan sailkapenean, 11 partida irabazi eta 12 galdu eta gero. Bere atzetik dagoen Bayern Munich talde alemaniarrak garaipen kopuru bera dauka.

Zazpi jardunaldi geratzen dira txapelketako lehen fasea amaitzeko, eta Perasovicen mutilek jakin badakite Zalgiris (13.a), Khimki (12.a) eta Buducnost (15.a) taldeen aurka orain dituzten hiru lehiek berebiziko garrantzia dutela play-offetarako bidean.

Baskonia denboraldiko bolada txarrenetakoan dago murgilduta, ez horrenbeste Joventuten aurka, Kopan (89-98) eta Bartzelonaren kontra, Euroligan (77-67) galdutako bi neurketengatik, baizik eta partida bi horietan taldeak azaldu zituen sentsazio txarrengatik.

Entrenatzaile kroaziarrak espero du Endesa Ligan izandako geldialdiak bere taldeari mesede egin izatea. Gainera, Patricio Garino argentinarra jokatzeko moduan izango du, azken hiru hilabeteetan lesionatuta egon eta gero.

Haatik, Matt Janning eskolta estatubatuarraren parte-hartzea zalantzan dago, ezin izan baitu normaltasunez entrenatu azken egunotan oin-zolako faszitisa dela-eta.

Norgehiagokako arretagune handienetakoa saskipean egon da, Vincent Poirier frantziarraren eta Brandon Davies estatubatuarraren arteko buruz burukoan.

Lehen itzuliko neurketan Baskonia gailendu zen (79-87), baina arabarrek erne egon beharko dute, lituaniarrak hiru garaipen lortu dituztelako Gasteizen jokatutako azken bost partidetan.