Itxi

Baskonia

Hiru denboraldiren ostean

Johannes Voigtmannek Baskonian ez jarraitzea erabaki du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pibot alemaniarrak kontratua luzatzeko eskaintza zeukan, baina baztertu eta sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez agur esan die Baskoniako zaleei.

  • Voigtmann Real Madrileko Yusta jokalaria defendatzen

    Voigtmann Real Madrileko Yusta jokalaria defendatzen. Argazkia: EFE

Johannes Voigtmannek ez du datorren urtean Kirolbet Baskonian jarraituko, azkenengo hiru denboraldiak bertan eman ondoren.

Pibot alemaniarrak Gasteizen segitzeko proposamena zeukan mahai gainean; alabaina, asteazken honetan, mezu bat zabaldu du sare sozialetan, Baskoniako zaleei agur esateko.

"Eskerrik asko zuen historiaren parte izaten uzteagatik, Buesa Arenan hainbat une eder partekatzeagatik eta ni eta nire familia abegi onez hartzegatik", eskertu du Voigtmannek.

Alemaniarraren aburuz, zaleek "onena" merezi dute, eta "horrenbeste denboraz itxarotako titulua" laster irabaz dezatela opatu die.

"Lekuz aldatzeko eta erronka berriak aurkitzeko garaia da niretzat", nabarmendu du jokalariak, nora joango den argitu gabe.

Azkenik, aitortu duenez, beti izango ditu gogoan Gasteizko "taldea handi egiten duten pertsonak".