Baskonia
Buesa Arenan, 21:00etan
Olympiakos hartuko du gaur Baskoniak Euroligako etxeko lehen neurketan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txapelketako klasikoetako bat da, eta azken boladan arabarrak nagusitu ez badira ere, Baskoniak 12 aldiz garaitu du talde zuri-gorria elkarren aurka jokatutako 19 partidetan.
-
Michael Eric durante el encuentro de Euroliga ante el Zalgiris. Foto: EFE
Kirolbet Baskonia Euroligako laugarren jardunaldian estreinatuko da etxean gaur (21:00etan), Olympiakosen kontra, azken urteetako bere piztia beltzetako bat aurrean duela. Greziako taldea Baskoniaren hasierako balantze berarekin iritsiko da Gasteizera, hau da, partida bat irabazita eta bi galduta.
Azken denboraldietan, Baskoniak sufritu egin du greziarren aurka lehiatu den bakoitzean; izan ere, aurrez aurre aritu diren azken bederatzi partidetan garaipen bakarra lortu dute gasteiztarrek, eta duela bi denboraldi izan zen.
Alabaina, Velimir Perasovicen mutilek ilusioz helduko diote neurketari, beren zaleen aurrean debutatuko baitute aurtengo Euroligan, eta partida irabazi nahi dute.
Entrenatzaile kroaziarrak jokatzeko moduan izango ditu denboraldi hasierako hainbat lehiatan lesionatuta ibili diren Luca Vildoza argentinarra eta Nik Stauskas kanadarra. Gasteiztarrek azken urteetako hierarkiari eusten dion taldea izango dute aurrez aurre, bertan funtsezko zeregina betetzen jarraitzen baitute Vassilis Spanoulis eta Georgios Printezis jokalari greziarrek.
Baskoniaren eta Olympiakosen arteko norgehiagoka txapelketa honetako klasikoetako bat da, eta azken boladan arabarrak nagusitu ez badira ere, Baskoniak 12 aldiz garaitu du talde zuri-gorria elkarren aurka jokatu duten 19 partidetan.