Baskonia
EUROLIGAKO 10. JARDUNALDIA
Baskoniak bere erreakzioa berretsi nahi du Zenit San Petersburgoren kontra
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CSKAren aurkako garaipenak indarberritu egin du Perasovicen taldea. Gasteiztarrek sailkapeneko azkena hartuko dute Buesa Arenan (21:00).
-
Pierria Henry CSKA Moskuren aurkako lehian. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak Euroligako hamargarren jardunaldiari egingo dio aurre gaur (21:00), txapelketako azken sailkatua den Zenit San Petersburgoren aurkako partidarekin.
Arabarrek asteazkenean azaldutako hobekuntza berresteko aukera izango dute zaleen aurrean, Moskuko CSKAren aurka lortutako garaipenak hauspotuta iritsiko baitira.
Baskoniak txapelketako hiru talde txarrenetako baten aurka jokatuko du; izan ere, errusiarrek bi garaipen besterik ez dituzte lortu orain arte, Izar Gorriak eta Fenerbahçek bezala (2-7ko balantzea dute hiru taldeek).
Denboraldiko unerik txarrenean, Maccabi Tel Aviven (83-113) eta Montakit Fuenlabradaren (80-92) aurrean bi emaitza gogor kateatu ondoren, Arabako taldeak CSKA mendean hartzeko gaitasuna izan zuen (80-70), eta orain asteko bigarren neurketa irabazi nahi du, berriz ere Errusiako talde baten aurrean.
Baskonia hamargarren tokian dago sailkatuta une honetan (4 lehia irabazi eta 5 galduta); ondorioz, bere balantzea oreka dezake Europako lehiaketa nagusian debuta egitean ari den taldeari gailentzen bazaio. Baskoniak ez bezala, Zenitek galdu egin zuen aste honetako lehendabiziko norgehiagoka (Valentziaren kontra 94-90), markagailu estu batekin izan bazen ere
Joan Plazak entrenatutako taldeak ezin izango ditu Mateusz Ponitka (Tenerifeko jokalari ohia), Evgeny Voronov eta Andrey Zubkov lesionatuak jokatzeko moduan izan. Aldiz, kantxa gainean Endesa Ligan aritutako hainbat aurpegi ezagun aurkituko dituzte ikusleek, besteak beste, Gustavo Ayon, Tim Abromaitis, Andrew Albicy eta baita Baskoniako bi jokalari ohi ere: Colton Iverson eta Alex Renfroe.
Zeniten sendotasunik handiena erasoko errebotea da, eta berak ditu zenbakirik onenak atal horretan Euroligako talde guztien artetik. Hartara, Youssoupha Fall, Michael Eric, Illimane Diop eta Tornike Shengelia bezalako gizon garaiek adi egon beharko dute saskipeko espazioak ixteko lanetan.
Bajei dagokienez, Shavon Shieldsek arazoekin jarraitzen du sorbaldan eta ez dago argi jokatu ahalko duen, ez baitzen aritu CSKAren aurka.