Itxi

Baskonia

8. JARDUNALDIA

Makabiren hirukoen jarioak erantzunik gabe utzi du Kirolbet Baskonia (83-113)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Israelgo taldea etxekoa baino askoz gehiago izan da, eta Perasovicenak lehen zortzi tokietatik kanpo daude une honetan.

  • Youssoupha Fall Tyler Dorsey defendatzen.

    Youssoupha Fall Tyler Dorsey defendatzen. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak ezin izan dio aurre egin Makabik ostegun honetan Buesa Arenan azaldu duen jardun bikainari. Euroligako 8. jardunaldiko norgehiagokan, israeldarrek erantzunik gabe utzi dute etxeko taldea, lehen zatian hiruko marratik izan duten jario beldurgarria dela medio (32-55, atsedenaldian). Halaber, eraginkortasun horrek jarraipena izan du hirugarren laurdenera arte; izan ere, hiruko 23 jaurtiketa egin eta 15 asmatu dituzte ordura arte (% 65eko eraginkortasuna).

Thornike Shengelia kapitainaren ekarpen apartak (31 puntu, 8 errebote eta 32ko balorazioa) Patricio Garinoren laguntza besterik ez du jaso bigarren zatian (24 puntu), Baskoniako gainerako jokalariak ezinean aritu baitira defentsan gogor agertu den talde horiaren aurrean. Gainera, Shavon Shieldsek min hartuta utzi behar izan du kantxa lehen minutua bete denean, aurkari batekin tupust egin eta sorbaldan min hartu eta gero.

Makabiren aldetik, ostera, bost jokalari ibili dira hamar puntutik gorako puntu kopuruarekin. Onena Scottie Wilbekin izan da (20 puntu), baina Bryant (19), Wolters (14), Dibartolomeo (14) eta Dorsey (12) ere oso fin ibili dira kanpoko lerrotik saskira begira.

Partida amaitu denerako Makabiren hiruko jaurtiketen ehunekoak behera egin du, baina, hala ere, aparteko marka ezarri dute: % 58ko eraginkortasuna, hiruko 29 jaurtiketa egin eta 17 sartu baitituzte.

Porrot honek sailkapeneko 12. postuan kokatu du Perasovicen taldea, 3 garaipen eta 5 porrotekin. Makabi, ordea, sailkapeneko lehena da, CSKA Moskuk Fenerbahçerekin jokatu behar duen neurketaren emaitzaren faltan.

Fitxa teknikoa:

83 – Kirolbet Baskonia (21+11+26+25): Vildoza (6), Janning (2), Shields (0), Shengelia (31) eta Eric (2) –hasierako bostekoa–; Henry (7), Diop (0), Fall (2), Stauskas (7), Garino (24) eta Polonara (2).

113 – Maccabi Fox Tel Aviv (28+27+31+27): Wolters (14), Wilbekin (20), Zoosman (4) Acy (7) eta Black (8) –hasierako bostekoa–; Bryant (19), Hunter (10), Sandy Cohen (0), Dorsey (12), Dibartolomeo (14) eta Jake Cohen (2).

Epaileak: Borys Ryzhyk (Ukraina), Milan Nedovic (Eslovenia) eta Uros Nikolic (Serbia). Tarik Black kanporatu dute faltengatik (33. min).