Itxi

Baskonia

97-82

Baskoniak berriro itxura txarra eman eta galdu egin du Andorraren aurka

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak 97-82ko emaitzarekin galdu du MoraBanc Andorraren kontra jokatu duen Endesa Ligako 11. jardunaldiko partida.

5:13
Andorra - Baskonia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak galdu egin du MoraBanc Andorraren aurka (97-82) jokatu duen Endesa Ligako 11. jardunaldiko partida, eta bost garaipeneko eta sei porroteko balantzea du orain.

Norgehiagokako lehen minutuak parekatuak izan dira, baina laurdenaren erdialdetik aurrera hasi da etxeko taldea nagusi izaten, sei puntuko abantaila hartu du (16-10 eta 18-12), eta hasierako hamar minutuen amaierara hamar puntu goitik heldu da MoraBanc Andorra (24-14).

Bigarren laurdenari hobeto ekin dio Kirolbet Baskoniak, eta Perasovicek zuzentzen duen taldeak desabantaila bi puntura murriztu du (29-27) atsedenaldira iristeko lau minutu falta zirenean. Hala ere, Baskoniak laurden honetako azken bi minutuetan eman duen maila oso kaskarra izan da, eta 11 puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (42-31).

Atsedenaldiaren ostean ez da partidaren gidoia aldatu; MoraBanc Andorra jaun eta jabe izan da, eta, Baskonia ezinean ibili da. Arabako taldea 17 puntuz galtzen ere joan da (61-44), eta etxeko taldea 14 puntuko errentarekin heldu da azken laurdenera (66-52).

Laugarren laurdenari hasiera ona eman dio Kirolbet Baskoniak eta hamar puntura gerturatu da (74-64), amaierarako bost minutu falta zirenean desabantaila bederatzi puntura murriztu duelarik (77-68). Dena den, talde gasteiztarrak oso gaizki jokatu ditu neurketako azken minutuak, eta amaieran jipoia jaso du (97-82).

Fitxa teknikoa:

97 – BC MoraBanc Andorra (24+18+24+31): Senglin (5), Massenat (7), Dejan Todorovic (5), Bandja Sy (6) eta Moussa Diagne (9) -qhasierako taldea-, David Walker (5), Clevin Hannah (20), 'Tyson' Perez (-), David Jelínek (18), Nacho Llovet (12), Dejan Musli (10) eta Guille Colom (-).

82 – Kirolbet Baskonia (14+17+21+30): Pierria Henry (22), Janning (12), Shields (10), Shengelia (9) eta Fall (7) -ehasierako taldea-, Eric (8), Stauskas (10), Ilimane Diop (2) eta Polonara (2).

Epaileak: Antonio Conde, Oscar Perea eta Carlos Merino. Bost falta egiteagatik kanporatu dituzte, Nacho Llovet –BC MoraBanc Andorra- eta Shengelia eta Fall –Kirolbet Baskonia-.