Itxi

Baskonia

Buesa Arenan

Baskoniak beste porrot bat hartu du Euroligan (55-77)

Agentziak | Erredakzioa

Real Madril Perasovicen taldea baino askoz gehiago izan da partida osoan eta gasteiztarrak ezinean aritu dira.

  • Campazzo eta Henry, partidako jokaldi batean

    Campazzo eta Henry, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Baskoniak ezin izan dio Real Madrili irabazi Buesa Arenan jokatutako Euroligako 15. jardunaldiko partidan. Madrildarrak aise gailendu dira, 55 eta 77, eta hamargarren partida irabazi dute jarraian.

Real Madril jaun eta jabe izan da lehen minututik, partida serioa jokatuta, eta markagailuan aurretik izan da beti, inolako ahultasunik erakutsi gabe.

Hasi eta berehala, madrildarrek 0 eta 8ko partziala egin dute, gasteiztarrak neurketaren erritmoa hartzen saiatzen ari ziren bitartean. Lau minutu itxaron behar izan ditu Perasovicen taldeak lehen puntuak saskiratzeko.

Gabriel Deck argentinrrak min handia egin die aurkariei saskipean, baina Henry azkenean esnatu egin da eta Baskoniak neurketa berdintzea lortu du. Lehen laurdena 13 eta 15 amaitu da.

Pablo Lasoren taldea nahieran aritu da momentu askotan, Baskonia galduta zebilen bitartean. Puntu bakoitza sartzeko lan handia egin behar izan dute arabarrek, eta hirukoetan ez dira batere fin ibili. Horrela, Real Madril 29 eta 45 izan da aurretik atsedenaldian.

Bigarren zatian ez da aldaketarik izan. Madril 36 eta 54 jarri da, Baskoniak defentsa lana gogortu duen arte. Hirugarren laurdena 44 eta 57 amaitu da.

Arabarrak Madril ezustean harrapatzen saiatu dira presioa kantxa osoan eginda, eta horrek eragina izan du markagailuan, baina Madril hiru saskiratze eginda 20 puntuko aldea zabaldu du, eta hortik aurrera ez da ezertxo ere aldatu. Azkenean, 55 eta 77 Real Madrilen alde.

Fitxa teknikoa:

55 - Kirolbet Baskonia (13+16+15+11): Vildoza (6), Henry (5), Stauskas (-), Shengelia (10) eta Fall (8) -hasierako boskotea-, Janning (4), Diop (6), Sergi García (-), Shields (14), Polonara (-) eta Eric (2).

77 - Real Madrid (15+30+12+20): Campazzo (6), Causeur (9), Deck (8), Randolph (8) eta Tavares (2) -hasierako boskotea-, Rudy (12), Laprovittola (8), Garuba (2), Mickey (15) eta Taylor (-).