Itxi

Baskonia

94-95

Baskoniak ezustekoa eman du, Real Madrili irabazita

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak 94-95eko emaitzarekin irabazi du Madrilen jokatu duen Endesa Ligako 18. jardunaldiko partida.

6:05
Kirolbet Baskonia. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 94-95eko emaitzarekin irabazi dio Real Madrili Endesa Ligako 18. jardunaldiko partida. Ezustekoa eman du Arabako taldeak WiZink Center pabiloian.

Kemena, fedea eta borrokarako gogoa erakutsi ditu Baskoniak neurketaren hasieratik. Campazzoren zuzendaritzapean eta hiruko jaurtiketetan asmatuta, ondo ekin dio Real Madrilek norgehiagokari. Gabriel Deck eta Sergio Llull ere bikain ibili dira lehen laurdenean, eta Usman Garubak markaketa sendoa egin dio Tornike Shengeliari. Ondorioz, Real Madril jaun eta jabe izan da eta Baskonia ezinean ibili da. Lehen hamar minutuak etxeko taldearen aldeko emaitzarekin bukatu dira (32-18).

Bigarren laurdenean, guztiz aldatu da norgehiagoka. Henryk oso ondo zuzendu du taldearen jokoa, eta, 0-13ko partziala lortuta, Dusko Ivanovicen taldea partidan sartu da. Baskoniak aldea murriztu eta aurrea hartu du, Shengeliak taulapean sartutako saskiratzearekin (36-37). Defentsan ere hobetu du Gasteizko taldeak, eta laurden honetan sei puntu bakarrik sartu ditu Real Madrilek. Baskonia puntu bateko errentarekin heldu da atsedenaldira (38-39).

Aldageletatik itzulitakoan, hirugarren laurdena oso lehiatua izan da. Kirolbet Baskoniak 0-5eko partziala lortuta ekin dio, baina Real Madrilek ondo erantzun du Campazzoren eta Llullen hiruko banarekin. Joan etorrikoa izan da hirugarren laurdena, eta lehia horretan Baskonia nagusitu da, hiru puntuko abantaila eskuratuta (60-63).

Dena airean geratu da azken laurdenerako. Real Madrilek bizi ekin dio, eta zazpi puntuko abantaila eskuratu du lehen lau minutuetan (77-70). Maldan gora jarri zaio partida Kirolbet Baskoniari, baina Polonarak sartu duen hiruko batek lehian sartu du Arabako taldea. Aurrea hartu du Baskoniak amaierarako lau minutu falta zirenean. Azken bi minutuetan, sei puntuko errenta izan du Baskoniak, baina Campazzoren hiruko batek gerturatu egin du Real Madril. Neurketa berdindu du Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak, Llullen saskiratze baten bitartez, neurketa amaitzeko 40 segundo falta zirenean. Kirolbet Baskoniak ondo baliatu du jabetza, eta Shengeliak saskia birrindu du. Real Madrilek izan du baloiaren azken jabetza, baina hiruko jaurtiketa ez du sartu, eta, ondorioz, Baskoniak lortu du garaipena (94-95).

Fitxa teknikoa:

94 - Real Madril (32+6+22+34): Campazzo (27), Llull (23), Deck (13), Garuba (6) eta Tavares (4) –hasierako taldea–; Causeur (10), Laprovittola (-), Reyes (8), Thompkins (3) eta Taylor (-).

95 - Kirolbet Baskonia (18+21+24+32): Henry (26), Janning (9), Shields (9), Shengelia (16) eta Eric (-) –hasierako taldea–; Fall (16), Staukas (7) eta Polonara (12).

Epaileak: Antonio Conde, Sergio Manuel eta Vicente Martinez Silla. Kirolbet Baskoniako Henry eta Fall kanporatu dituzte.