Itxi

Baskonia

81-75

Baskoniak galdu egin du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Kirolbet Baskoniak porrota jaso du Bartzelonaren aurka Endesa Ligako azken faseko 3. jardunaldian.

  • Abrines eta Shields

    Abrines eta Shields, Bartzelona - Baskonia partidan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak 81-75 galdu du Bartzelonaren aurka Endesa Ligako azken faseko 3. jardunaldian. Ondorioz, Gasteizko taldea bigarren da A multzoko sailkapenean, bi garaipen eta porrot batekin, hirugarren den Unicajarekin berdinduta.

Lehen minutu parekatu batzuen ostean, Bartzelona nagusitzen hasi da, eta abantaila hartu du (13-7) lehen laurdenaren erdialdera iristerakoan. Ondoren, Kataluniako taldeak nagusi izaten jarraitu du, eta errenta handitu du (17-9), lehen hamar minutuak bederatzi puntuko abantailarekin bukatzeko (20-11).

Maldan gora jarri zaio neurketa Baskoniari bigarren laurdenaren hasieran, 11 puntuko desabantaila izan baitu (26-15). Pixkanaka, Arabako taldeak jokoa hobetu, eta aldea murriztea lortu du; 15. minutuan, hiru puntura gerturatu da (28-25). Atsedenaldira heltzeko hiru minutu falta zirenean, aurretik jarri da Kirolbet Baskonia (32-33), baina hiru puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (42-39).

Aldageletatik kantxara bueltatu ostean, Arabako taldea markagailuan aurrea hartuta ibili da une gehienetan, baina zuloa ireki ezinda. Bartzelona hiru puntuko errentarekin (55-52) heldu da hirugarren laurdeneko azken minutura. Henryk bi saskiratze jarraian lortu ditu ia jarraian, eta Kirolbet Baskonia aurrea hartuta iritsi da azken laurdenera (55-56).

Bost puntura handitu du abantaila Arabako taldeak azken laurdenaren lehen bi minutuetan (58-63). Bartzelonak, ordea, azkar erantzun du desabantaila murriztuz eta aurrea hartuz (67-65). Ondoren, talde gasteiztarrak neurketa berdindu du (67-67). Berdinduta heldu da partida azken bost minutuetara, baina Barçak abantaila hartu du 7-0eko partziala erdietsita. Baskoniari min egin dio partzial horrek, baina lanean jarraitu du, eta Ivanovicek zuzentzen duen taldea lau puntura gerturatu da (79-75) partida amaitzeko 20 segundo falta zirenean. Desabantaila gehiago murrizteko jabetza izan arren, Baskonia ez da saskiratzeko gai izan, eta Bartzelonak eskuratu du garaipena (81-75).

Fitxa teknikoa:

81 - Bartzelona (20+22+17+26): Hanga (15), Higgins (11), Claver (6), Mirotic (13) eta Tomic (8); Heurtel (7), Oriola (3), Abrines (-), Kuric (7) eta Davies (11).

75 - Kirolbet Baskonia (11+28+17+19): Henry (14), Janning (2), Shields (26), Shengelia (12) eta Eric (10); Granger (4), Vildoza (1), Zoran Dragic (4), Polonara (-), Fall (-) eta Diop (2).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Carlos Peruga eta Sergio Manuel. Diop (36. min) Baskoniako jokalaria kanporatu dute. Falta teknikoa adierazi diete Pesici (27. min), Ivanovici (28. min) eta Vildozari (31. min).