Itxi

Baskonia

73-89

Baskoniak garaipena lortu du Fuenlabradaren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 73-89ko emaitzarekin irabazi dio Madrilgo taldeari Endesa Ligako bigarren jardunaldiko partidan.

1:02
Baskoniak ez du hutsik egin

TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Fuenlabradaren aurka (73-89) Endesa Ligako bigarren jardunaldiko partidan. Ondorioz, bi neurketetatik bi irabazi ditu Arabako taldeak txapelketaren hasiera honetan.

Lehen minutuetan parekatuta (7-7) ibili ostean, Baskonia nagusitzen hasi eta zuloa ireki du markagailuan (11-22). Lehen hamar minutuen amaieran, hamar puntuko abantaila eskuratu du Arabako taldeak (13-23) eta, bigarren laurdenaren erdialdera iritsi aurretik, 16 puntukoa (16-32). Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak ez dio eroso jokatzen utzi Fuenlabradari, eta aldeko 27-41eko emaitzarekin heldu da neurketa atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean hobeto kantxaratu da Fuenlabrada, eta desabantaila murriztea (44-49, 24. minutuan) lortu du: bost puntura gerturatu da. Momentu txar horren ostean, Baskoniaren erantzuna etorri da, eta hirukoen lehia ikusi ahal izan dugu bi taldeen artean: Vildoza, Trimble, Peters, Trimble, eta berriz ere Vildoza eta Peters... hiru hiruko jarraian sartu dituzte. Hirugarren laurdena bederatzi puntuko abantailarekin amaitu du Baskoniak (59-68). Azken laurdenari hasiera bikaina eman dio Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak, hiru minututan 16 puntuko errenta (59-75, 33. minutuan) eskuratu baitu. Horrek jota utzi du Fuenlabrada, eta TD Systems Baskoniak erdietsi du garaipena, 73-89ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

73 - Urbas Fuenlabrada (13+14+32+14): Trimble (28), Emegano (5), Meindl (6), Vene (8), Upshaw (6) -hasierako taldea-, Garcia (7), Eyenga (5), Ehigiator, Samar, Gonzalez, Bellas eta Bobrov (8).

89 - TD Systems Baskonia (23+18+27+21): Henry (11), Raiestre, Polonara (11), Giedraitis (17), Jekiri (13) -hasierako taldea-, Sederkerskis (5), Vildoza (14), Peters (11), Diop (2) eta Kurucs (5)

Epaileak: Vicente Martinez, Arnau Padros y Oscar Perea. Fuenlabradako Kurucs kanporatu dute 37. minutuan, bost falta egin dituelako.