Publizitatea
Itxi

2021/02/26

20:51

Baskonia

Euroliga

Baskoniak aise irabazi dio Izar Gorriari eta playoffetan sartzeko lehian segitzen du

A. B. EITB Media

TD Systems Baskoniak 87-67ko emaitzarekin lortu du garaipena Euroligako 26. jardunaldian.

1:56
Baskonia - Estrella Roja
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Izar Gorriaren aurka (87-67) Buesa Arenan jokatu duen Euroligako 26. jardunaldiko partidan, eta sailkapeneko lehen zortzi postuetan sartzeko aukerekin jarraitzen du.

Hasieratik amaieraraino jaun eta jabe izan da Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea. Azkar hautsi du norgehiagoka Arabako taldeak, bosgarren minuturako 11 puntuko errenta eskuratuta (14-3). Abantaila handiak izan dituen arren, lehen laurdeneko azken txanpan Izar Gorriak desabantaila murriztu du (21-16).

Bigarren laurdenean ez da neurketaren gidoia aldatu. Baskonia nagusi izan da, 14 puntuko errenta erdietsi du laurdenaren erdialdean (34-20), baina oraingoan ez dio aurkariari aldeak murrizten utzi; gainera, garaipena bideratuta utzi du, atsedenaldira aldeko 48-27ko emaitzarekin iritsita.

Atsedenaldiaren ostean, erosotasunez kudeatu du abantaila TD Systems Baskoniak. Izar Gorria ezinean ibili da, eta Arabako taldea aise nagusitu da. Hamazortzi puntuko abantailarekin heldu da Baskonia azken laurdenera (66-48).

Amaierako hamar minutuetan ez du arazorik izan Baskoniak. Izar Gorria ez da Arabako taldea urduri jartzeko gai izan, ezin izan du desabantaila murriztu, eta TD Systems Baskoniak lortu du garaipena (87-67).

Fitxa teknikoa:

TD Systems Baskonia: Vildoza (14), Giedraitis (14), Polonara (12), Peters (9) eta Fall (20) --hasierako taldea--; Jekiri (8), Sedekerskis (2), Henry (3), Dragic (-), Raieste (5), Diop (-), Kurucs (-).

Izar Gorria: Uskokovic (8), Loyd (14), Lazic (-), Simonovic (3) eta Kuzmic (9) --hasierako taldea--; Walden (10), Davidovac (8), Radanov (-), Dobric (9), Simanic (-), Jagodic-Kuridza (6).

Partzialak: 21-16, 27-11, 18-21, 21-19.

Epaileak: Ryzhyk, Paternico eta Thepenier. Kanporaturik gabe.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena