Itxi

Baskonia

Endesa LIgako play-offak

Baskoniak hirugarren partida behartu du, Valentzia mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak 76-65eko emaitzarekin lortu du garaipena Endesa Ligako final-laurdenetako kanporaketako bigarren partida, eta finalerdietara sailkatzeko aukera izango du ostiralean, Fontetan.

11:13
Baskonia - Valentzia

TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Valentziaren aurka (76-65) Buesa Arenan jokatu duen Endesa Ligako final-laurdenetako bigarren partidan, eta kanporaketako hirugarren neurketa behartu du. Ostiralean erabakiko da Fontetan (Valentzia) zein talde sailkatzen den finalerdietara.

Valentziak lau puntuko errenta hartu du neurketaren hasieran (0-4), baina Baskoniak azkar erantzun du, norgehiagoka berdinduz (4-4). Ondoren, berriro abantaila hartu du talde bisitariak (8-12). Nahiz eta lehen laurdena bukatzeko hiru minutu falta zirenean Arabako taldeak aurrea hartu du markagailuan (13-12), eta orduan hasi da Baskonia nagusi izaten. Dusko Ivanovicek zuzentzen dituen mutilek maila bikaina eskaini dute lehen hamar minutuen azken txanpan eta hamar puntuko abantaila lortu dute (26-16).

Bigarren laurdenean ere nagusi izan da TD Systems Baskonia, defentsako lan ona eginez, eta erasoan asmatuz. Etxeko taldeak 19 puntuko abantaila eskuratu du, laurdenaren erdialdea gainditu ostean, baina atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan desabantaila murriztea lortu du Valentziak (41-28).

Atsedenaldiaren ostean, Baskoniak bigarren laurdenean ezarri duen erritmo biziari eutsi dio, defentsako eta erasoko lanean ondo moldatuz. Valentzia ez da eroso ibili, eta asko kosta zaio Baskoniaren erasoaldiak gelditzea, baita saskiratzeak lortzea ere. Gainera, laurdenearen azken bi minutuetan, Arabako taldeak berriz maila bikaina eskaini eta aldeko 62-46ko emaitzarekin heldu da azken laurdenera.

Urduritasuna nabarmena izan da Baskoniako jokalariengan amaierako hamar minutuetan. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak jaurtiketa asko huts egin ditu, eta pila bat kosta zaio puntuak lortzea. Aurkariak eman dizkion erraztasunak baliatuta, Valentzia desabantaila murrizten hasi da, eta zortzi puntura gerturatu da (66-58), lehia amaitzeko lau minutu falta zirenean. Ondoren, Baskonia saskiratzeak sartzea lortu du, azken bi minutuetan ez du sufritu, eta garaipena erdietsi du Arabako taldeak (76-65).

Fitxa teknikoa:

76 - TD Systems Baskonia (26+15+21+14): Henry (8), Giedraitis (15), Sedekerskis (2), Polonara (7) eta Jekiri (12) -hasierako taldea-, Massenat (-), Colom (4), Peters (13), Fall (2) y Dragic (13).

65 - Valentzia (16+12+18+19): Van Rossom (7), Vives (-), Kalinic (5), Williams (11) eta Tobey (5) -hasierako taldea-, Prepelic (20), Labeyrie (-), Dubljevic (7), Hermannsson (6) eta Sastre (4).

Epaileak: Emilio Perez, Arnau Padros eta Javier Torres. Ez dute inor kanporatu.