Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak galdu egin du Makabiren etxean, puntu bakarrarengatik (94-93)

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak porrota jaso du Israelen jokatu duen Euroligako 19. jardunaldiko atzeratutako partidan.

  • Maccabi-Baskonia

    Baldwin, Baskoniako jokalaria, baloiarekin Maccabiren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak galdu egin du Makabi Tel Aviven aurka puntu bakarrarengatik (94-93) Israelen jokatu duen Euroligako 19. jardunaldiko atzeratutako partida. Euskal taldeak itxura ona eman du, baina ezin izan du aurkaria gainditu.

Ondo ekin dio neurketari Arabako taldeak, lehen saskiratzea lortuta (0-2), eta hasierako minutuetan abantailak erdietsita (2-5, 5-8 eta 8-11). Estreinako laurdena bukatzeko lau minutu falta zirenean, bederatzi puntuko errenta eskuratu du euskal taldeak (10-19). Gasteizkoek lehia kontrolpean zutela zirudien, baina Makabi desabantaila murrizten hasi da, eta puntu bateko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (28-27), minutu bakarrean lau puntuko aldea (23-27) iraulita.

Bigarren laurdenean, etxeko taldea joan da aurretik markagailuan une oro, baina errenta txikiekin. Neurketako 17. minutuan, zazpi puntuko abantaila hartu du Makabik, eta Baskonia hiru puntura gerturatu da (51-48). Hala ere, bigarren laurdeneko azken minutu eta erdian, Israelgo taldea nagusi izan da, eta Makabiren aldeko 56-50eko emaitzarekin heldu da norgehiagoka atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, partida oso parekatua izan da. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan markagailuan zuloa irekitzeko, eta hirugarren laurdeneko seigarren minutuan lehia berdindu du Baskoniak (61-61). Laurden honetako amaierako minutuetan, nagusi izan dira Spahijak zuzentzen dituen mutilak, eta aldeko 71-77ko emaitzarekin iritsi dira azken laurdenera.

Parekotasuna izan da nagusi laugarren laurdenean. Neurketako azken minutuetan, Makabi puntu bakarrera gerturatu da (85-86). Bi puntuko abantailarekin iritsi da Baskonia azken minutura (86-88), baina lehia amaitzeko 50 segundo falta zirenean hartu du aurrea etxeko taldeak (89-88). Azkar erantzun dute arabarrek 2+1eko jokaldia baliatuta (89-91), baina partida amaitzeko 30 segundoren faltan Wilbetokek sartu duen hirukoak aurretik jarri du berriro etxeko taldea (92-91). Hurrengo jabetzan, Baskonia ez da gai izan saskiratzea lortzeko, azken segundoetan talde bakoitzak bina puntu erdietsi ditu, eta garaipena israeldarrek eskuratu dute (94-93).

Fitxa teknikoa:

94 - Makabi Tel Aviv (28+28+15+23): Ziv (7), Wilbekin (17), Nunnally (21), Williams (5) eta Zizic (21) –hasierako taldea–; Caloiaro (7), Reynolds (6), DiBartolomeo (8), Cohen (-) eta Blayzer (2).

93 - Bitci Baskonia (27+23+27+16): Baldwin (27), Marinkovic (8), Giedraitis (15), Fontecchio (10) eta Costello (11) –hasierako taldea–; Raieste (-), Sedekerskis (7), Granger (2), Peters (5), Enoch (8) eta Kurucs (-).

Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Uros Obrknezevic (Serbia), Rain Peerandi (Estonia). Falta teknikoa adierazi diote Neven Spahija Baskoniako entrenatzaileari, 39. minutuan.