Itxi

Baskonia

Endesa Ligako final-laurdenak

Baskoniak garaipena erdietsi du Valentziaren aurka (59-76) eta Real Madril izango du aurkari finalerdietan

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak irabazi egin du Endesa Ligako final-laurdenetako kanporaketako hirugarren partida erabakigarria, eta finalerdietarako txartela erdietsi du.

1:47
Baskoniako jokalariak

Bitci Baskoniak Endesa Ligako finalerdietarako txartela eskuratu du astelehen honetan (maiatzak 30), Valentziaren aurka garaipena lortuta, 59-76ko emaitzarekin, final-laurdenetako kanporaketako hirugarren neurketa erabakigarrian. Gasteizko taldeak Real Madril izango du aurkari finalera sailkatzeko bidean.

Arabako taldeak sartu du norgehiagokako lehen saskiratzea (0-2), baina etxekoek azkar erantzun dute, eta lehia parekatuta joan da bosgarren minutura arte (9-9). Ondoren, nagusi izan da etxeko taldea. Baskonia ezinean ibili da; erasoan gaizki, eta defentsan aurkariak gelditu ezinda. Horrenbestez, hamaika puntuko abantailarekin amaitu ditu Valentziak lehen hamar minutuak (20-9).

Bigarren laurdenaren hasieran Baskoniak zazpi puntura murriztu du desabantaila (22-15). Laurden honetako lehen minutuak ondo jokatu ditu euskal taldeak, baina Valentziak ez dio gehiegi gerturatzen utzi. Nagusi izan da Valentzia bigarren laurdenaren erdialdetik aurrera, eta atsedenaldira iristeko bost minutu falta zirenean hamaika puntuko errenta erdietsi du (32-21). Neurketa oso maldan gora jarri zaio Arabako taldeari, baina Spahijak zuzentzen dituen mutilek ez dute etsi, desabantaila murrizten hasi dira, eta etxeko taldearen aldeko 37-34ko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira (37-34).

Atsedenaldiaren ostean, hirugarren laurdenari ondo ekin dio Bitci Baskoniak; gainera, Fontecchiok baliatu duen 3+1eko jokaldiarekin, aurrea hartu du markagailuan (39-40). Ia jarraian, Arabako taldeak hiru puntuko abantaila hartu du (39-42), baina Valentziak susperraldia izan du, eta berriro aurrea hartu du markagailuan (46-42). Baskoniaren erantzuna ere azkarra izan da, eta kontraerasoen bidez lehia parekatu du (46-46). Gainera, aurretik jarri da Baldwinen jaurtiketa libre batekin eta biko saskiratzearekin (46-49). Azken laurdenera abantailarekin heltzeko aukera izan du Bitci Baskoniak, baina Valentziak azken minutu bikaina jokatu du, eta puntu bateko abantailarekin iritsi da azken laurdenera (54-53).

Desabantailaren ekin dion arren, hasiera bikaina eman dio Baskoniak laugarren laurdenari. Defentsako zein erasoko erreboteetan asko hobetu du Arabako taldeak; ondorioz, Valentziari zalantzak sortu dizkio. Gainera, talde gasteiztarrak asmatu egin du erasoan, eta zuloa ireki du. Valentziak huts asko egin ditu jaurtiketa libreetan. Baskoniaren aldeko 56-63ko emaitzarekin Enochek bosgarren falta egin du, eta epaileek kanporatu egin dute. Hala ere, jokalari garrantzitsu bat kanpoan geratu zaion arren, Baskoniak maila onean jokatzen jarraitu du, eta ez dio aurkariari desabantaila murrizteko aukerarik eman. Partida amaitzeko hiru minutu falta zirenean, hamar puntuko errenta erdietsi du Bitci Baskoniak (57-67). Azken txanpan bikain kudeatu du errenta euskal taldeak, ez dio aukerarik eman Valentziari, eta Baskonia garaile atera da (59-76).

Fitxa teknikoa:

59.- Valentzia (20+17+17+5): Van Rossom (-), Hermannsson (6), Labeyrie (5), Rivero (9) eta Tobey (2) -hasierako taldea- Dimitrijevic (10), Claver (4), Pradilla (2), Lopez-Arostegui (7), Dubljevic (14) eta Hanlan (-).

76.- Bitci Baskonia (9+25+19+23): Baldwin IV (19), Fontecchio (16), Giedraitis (10), Peters (4) eta Enoch (9) -hasierako taldea- Raieste (-), Marinkovic (3), Wetzell (4), Granger (4) eta Costello (7).

Epaileak: Perez Perez, Peruga eta Garcia Gonzalez. Enoch (34. min) Baskoniako jokalaria kanporatu dute, bost falta egin ostean.