Itxi

Baskonia

2023-24 denboraldia

Baskoniak zazpi jokalarik jarraituko dutela baieztatu du, eta 13ko taldea nahi duela azaldu

EITB MEDIA

Raiestek, Sedekerskisek, Howardek, Costellok, Kotsarrek, Marinkovicek eta Dani Diezek jarraituko dute Gasteizko taldean; Mannion eta Rogkavopoulos fitxatu ditu Baskoniak, eta baliteke Giedraitisek eta Kurucsek kluba uztea. Thompsonek Anadolu Efesen jokatuko du.

  • Markus Howardek jarraitu egingo du Baskonian. Argazkia: EFE.

    Markus Howardek jarraitu egingo du Baskonian. Argazkia: EFE.

2022-23 denboraldian izandako taldeari erreparatuta, Baskoniak zazpi jokalarik jarraituko dutela baieztatu du, eta, hurrengo denboraldirako, asmoa du 13 jokalarik osatutako taldea izatea. Felix Fernandez klubaren kirol zuzendariak ostegunean azaldu duenez, Sander Raiestek, Tadas Sedekerskisek, Markus Howardek, Matt Costellok, Maik Kotsarrek, Vanja Marinkovicek eta Dani Diezek jarraituko dute Gasteizko taldean; Nico Mannion eta Nikos Rogkavopoulos fitxatu ditu Baskoniak, eta baliteke Rokas Giedraitisek eta Kurucsek kluba uztea, baina ez dago baztertuta jarrai dezatela. Gainera, Fernandezek berretsi du Darius Thompsonek Anadolu Efesen jokatuko duela.

Baskoniak abuztuaren 21ean ekingo dio denboraldi berriari, eta Steven Enoch ez da taldean izango; estatubatuarrak eskaintza zuen jarraitzeko, baina ez du egingo: "Jokalari oso interesgarria da, kontuan izanik nolako fisikoa, dohainak eta adina dituen, eta zein pasaporte duen ere", azpimarratu du Felix Fernandezek. Enoch ez da ibili ahal bezain fin Gasteizko taldean: "Ez digu errendimendurik onena eman, eta gu ere ez gara gai izan errendimendu hori ateratzeko; ez dazertan errudunik topatu", zehaztu du. Nolanahi ere, etorkizunean kontuan izateko moduko jokalaria da, eta, hortaz, Baskoniak gorde egin ditu haren eskubideak ACBn.

Nico Mannion joko antolatzaile italiarrak bi denboraldirako kontratua izango du Baskoniarekin: "Gaitasun handiko jokalaria da; egonkortasuna eta konfiantza dituen proiektu baten barruan, gora egin lezake. Erraza ez den proiektu batetik dator", esan du Mannionen azken taldeaz, alegia, Virtus Boloniaz, talde horretan "jokalari beterano asko" daudela adierazi du. Esan duenez, azkar egin zuten fitxaketa.

Nikos Rogkavopoulosen gainean, Felix Fernandezek uste du "ausarta" dela, "bai eta ona erreboteak hartzeko, eta trebea jaurtitzeko. Arlo fisikoa aztertuta, "indartsua da", eta gora egin lezake, eskarmentua hartuta: "Baskonian bere burua kokatzeko moduko ezaugarriak ditu, eta zaleekin bat egiteko".

Lau jokalari gehiago behar ditu Baskoniak, baina Felix Fernandezek ez du xehetasunik eman; hori bai, baieztatu du Kanaria Handiko Khalifa Diop jarraitu egin dutela: "Interesgarria da, kupoa, gaztea, indartsua eta etorkizun handikoa".

Entrenatzailea hizpide, Baskoniaren kirol zuzendariak ziurtatu du ez zutela inolako zalantzarik izan Joan Peñarroyarekin, eta argi zutela horrek jarraitu egingo zuela: "Tarte bat hartu genuen, hitz egin eta pentsatzeko. Egun asko daramatzagu lan talde berria prestatzen", azaldu du.