Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak ez du asmatu kanpoko jaurtiketetan, eta galdu egin du Kaunasen (94-76)

EITB MEDIA

Hala, Dusko Ivanovicen taldeak, Euroligan, fase erregularreko 31 partida jokatuta, 16 garaipen dituela jarraitzen du; behin-behinean, sailkapeneko bederatzigarren postuan da Baskonia, eta ziurtatu gabe du play-ineko postua.

  • Matt Costello, artxiboko irudian, Baskoniako onenetakoa izan da. Argazkia: EFE.

    Matt Costello, artxiboko irudian, Baskoniako onenetakoa izan da. Argazkia: EFE.

Baskonia galtzaile atera da, ostegunean, Kaunasen, Zalgiris aurkari, 94-76, 2023-24 denboraldiko Euroligako fase erregularreko 31. jardunaldian. Dusko Ivanovicen gizonek ezin izan dute asmatu kanpoko jaurtiketetan, eta hori izan da gakoetako bat azaltzeko zergatik Baskoniak ezin izan duen batu beste garaipen bat; beraz, 16 partida irabazita jarraitzen du. Behin-behinean, Gasteizko taldea sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, eta ziurtatu gabe du play-ineko postua.

Hiru puntuko 4 saskiratze gauzatu ditu euskal taldeak partida osoan, denak hirugarren laurdenean, eta, gainera, barrualdean arazoak izan ditu Kevarrius Hayes eta Keenan Evans kontrolatzeko; Hayesek 17 puntu sartu eta 7 errebote hartu ditu, eta Evansek (bikain erasoan eta jokoa zuzentzen) 20 puntu egin ditu. Baskoniaren aldetik, Matt Costello nabarmendu da, baina, oro har, Arabako taldeak ezin izan du nahi zuen jokoa egin.

Aurreneko laurdena 25-17 amaitu da, eta atsedenaldian Zalgiris Kaunas 48-34 ari zen gailentzen. Hirugarren zatian, Ivanovicen jokalariak sei puntura jarri dira, baina Zalgiris Kaunasek berriro estutu, eta aldea zabaldu du. Azkenean, garaipen argia erdietsi du Lituaniako taldeak.

Datorren ostegunean, Baskoniak Anadolu Efes izango du bisitari, Gasteizen, 32. jardunaldian, eta azken-aurreko jardunaldian Real Madrilen etxean arituko da. Euroligako fase erregularreko azken partidan, Baskoniak Bolonian jokatuko du.

Fitxa teknikoa

94 - Zalgiris Kaunas (25+23+23+23): Evans (20), Giedraitis (4), Ulanovas (11), Lavrinovicius (-) eta Birutis (8) -hasierako boskotea-; Dimsa (5), Hayes (17), Sumner (5), Lekavicius (7), Butkevicius (10) eta Manek (7).

76 - Baskonia (17+17+23+19): Miller-McIntyre (16), Howard (14), Marinkovic (12), Sedekerskis (2) eta Kotsar (7) -hasierako boskotea-; Theodore (-), Chiozza (-), Diez (2), Rogkavopoulos (-), Costello (11) eta Moneke (12).

Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Igor Dragojevic (Montenegro), Amit Balak (Israel). Costello kanporatu dute, 37. minutuan, bost falta egin dituelako.

Gertakizunak: Euroligako 31. jardunaldiko partida, Kaunasko Zalgiris Arenan. 14.787 ikusle izan dira bertan.