Itxi

Saskibaloia

Polemika

Cardenal: 'Ezin dugu onartu ACBk liga itxi nahi izatea'

Agentziak | Erredakzioa

Kirol Kontseilu Nagusiko presidentearen esanetan, lehiaketetan parte hartzeko baldintzak betetzen diren "ezin da batzar bidez eztabaidatu".

  • ACBk astelehenean egin zuen asanblada. Argazkia: EiTB.

    ACBk astelehenean egin zuen asanblada. Argazkia: EiTB.

Miguel Cardenal Kirol Kontseilu Nagusiko presidenteak Santanderren gaur esan duenez, CSDk ezin du "inolaz ere" onartu ACBk "lehiaketa itxi nahi izatea, bere interesen alde egiteko, eta ligan parte hartzen ez uztea igotzeko eskubidea lortu dutenei".

Hitz horiekin aritu da Cardenal ACBk astelehenean jakinarazitako ebazpenaren gainean, Ourense 2015-2016ko Endesa Ligan ez inskribatzea erabaki ondoren, CSDk kontrakoa eskatu eta gero. ACBko klubak, baina, CSDren erabakiaren aurka agertu ziren Saskibaloi Kluben Elkarteak CSDren ebazpenaren aurrean zer egin erabakitzeko deitu zuten batzar nagusian.

Cardenalen iritzian, kirol-lehiaketetan parte hartzeko baldintzak betetzen diren "ezin da batzar bidez eztabaidatu". "Betetzen dira edo ez dira betetzen, eta lehiaketa, federazio eta ligen administratzaileei dagokie hori erabakitzea, CSDren ikuskaritzapean", esan du.

Cardenalek salatu duenez, "tradizioa" da ACBk CSDren aurka egitea, beraiek horrekin ados egon ez arren. "Iaz beste talde batekin egin zuten, eta kasu gehiago daude iraganean", nabarmendu du. "Guztiok dakigu azken urteetan ezinezkoa izan dela muga hori gainditu, eta uste dut Espainiako saskibaloiak egoera horri buelta eman beharko liokeela", erantsi du.