Baskonia
Larunbatean, 18:00etan
Real Madril-Caja Laboral: Splitter zalantza da
Erredazkioa
Nahiz eta gasteizko espedizioarekin bidaiatu, pibot brasildarra zalantza izango da azken momentura arte. Singletaryk, Baracek eta Eliyahuk ezingo dute partida jokatu lesioak direla eta.
Ivanovicek ezingo ditu Singletary eta Barac erabili Madriden aurka, dauzkaten lesio arazoengatik, eta Lior Eliyahu ere baja izango da, pubalgia arazoak direla eta. Bi taldeek taulako bigarren postua eta playoffetako finalerdietan kantxa faktorea alde edukitzea jokoan izango dute.
Pibot brasildarrak Madrilera bidaiatuko du taldearekin baina zalantza izango azken momentura arte. Splitterrek asteko lehen entrenamendua burutu du gaur goizean eta horregaitik Dusko Ivanovicek ez du brasildarrak minutu asko kantxan ematea nahi.
Baskoniako entrenatzaileak esan duenez, Tiago Splitterrek "oraindik mina du bizkarrean" eta hori "arazo garrantzitsua da" taldearentzat. Gainera, Ivanovicek adierazi duenez, "Europako talderik indartsuenetariko baten aurka jokatuko dute, jokalari erabakigarriak dituen esperientzia handiko talde bat".
Bi taldeek, aurtengo laugarren norgehiagoka jokatuko dute, Superkopakoa eta Errege Kopakoa merengeek irabazi zituztelarik eta ACB ligakoa gasteiztarrek irabazi zutelarik.