Itxi

Saskibaloia

HAUTAGAITZA

Gasteizek saskibaloiko Erreginaren Kopa hartu nahi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arabako erakundeak proposamen bat ari dira lantzen Arabako hiriburuan joka dadin kopako fase finala.

  • Araski da ekimenaren sustatzaileetako bat. Argazkia: EiTB

    Araski da ekimenaren sustatzaileetako bat. Argazkia: EiTB

Datorren otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean jokatuko den saskibaloiko Erreginaren Kopa jokatuko da, oraindik zehaztu gabe dagoen hirian. Hartara, Arabako erakundeak eta Euskal Saskibaloi Federazioa lanean ari dira kirol-ikuskizun hori Gasteizek har dezan, eta hautagaitza aurkeztuko dute xede horrekin.

Arabako Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, hainbat erakundek proposamen bat lantzen dihardu emakumezkoen saskibaloiko koparen finala EAEko hiriburuan joka dadin. Tartean daude Arabako Aldundia bera, Gasteizko Udala, Euskal Saskibaloi Federazioa, Vital Fundazioa, Araski saskibaloi taldea eta Arabako Saskibaloi Federazioa.

Aipatzekoa da denboraldi honetan Dia Ligako zortzi taldek hartuko dutela parte Erreginaren Kopan, Ligako lehen itzuliko zortzi talderik onenak, hain zuzen ere.

Oraindik ez dute jakitera eman zein azpiegituratan jokatuko litzatekeen fase final hori; izan ere, Gasteizen hainbat neurriko kantxak daude. Besteak beste, Mendizorrotzako Kiroldegia (Araskik bertan jokatzen ditu Dia Ligako bere partidak), Iradier Arena (Kirolbet Baskoniak han jokatu zuen Buesa Arenako eraberritze lanak egiten ziren bitartean) eta Buesa Arena bera.

Horrez gain, Gasteizek bere alde dauka eskarmentua duela kirol ekitaldi handiak antolatzeko garaian. Horren adierazle dira, adibidez, Arabako hiriburuan jokatzen den triatloia edota saskibaloiko Errege Kopako zein Endesa Superkopako zenbait fase final.

Urrutiegira joan gabe, aurten bertan Euroligako Lauko Finala jokatuko da Gasteizen, maiatzean, hots, inoiz hartu duen ekitaldirik garrantzitsuena.