Itxi

Saskibaloia

ERREGINAREN KOPA

Lointek Gernika eta IDK Gipuzkoa aurrez aurre, kopako finalerdien bila

eitb.eus

Bi taldeen artean denboraldi honetan izandako aurrekari bakarrean donostiarrak nagusitu ziren puntu bateko aldeagatik (65-64).

1:49
Lointek-IDK Gipuzkoa partida bateko irudia

Gasteizko Erreginaren Kopak bigarren jardunaldia biziko du ostiral honetan. Eguneko bigarren partidan, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoa izango dira nor baino nor gehiago, 19:30etik aurrera hasiko den euskal derbian.

Bi euskal taldeek jokatuko duten partida, final-laurdenetako azken kanporaketa izango da, eta ETB4n eta eitb.eus-en ikusteko aukera egongo da.

Bizkaiko taldea hirugarren dago sailkatuta Dia Ligan, eta bolada onean helduko dio txapelketari, ligan jokatutako azken bi neurketak irabazita helduko baita (80-74, Ensinoren aurka eta 71-81, Baxi Ferrolen aurka). Dena den, Mario Lopezen taldeak baditu zenbait buruhauste ere, aldaketak izan baitira azken egunetan. Izan ere, Jazmon Gwathmey hegalekoak taldea utzi du, eta, hura ordezkatzeko, WNBA txapelketan eskarmentua duen Courtney Williams eskolta estatubatuarra fitxatu berri du.

Bere aldetik, ligan seigarren dagoen IDK ere sasoiko iritsiko da kopara, donostiarrek ere euren azken bi neurketak irabazi baitituzte (62-55, Quesos Pastorren kontra eta 50-60, Araskiren kontra).

Bi taldeen artean denboraldi honetan izandako aurrekari bakarra ligako 12. jardunaldian izan zen, abenduaren 27an. Orduko hartan, IDK nagusi izan zen bere etxean, puntu bateko aldeagatik (65-64).

Norgehiagokako irabazleak finalerdiak jokatuko ditu larunbatean, eta bere aurkaria Perfumerias Avenida edota Nissan CB Al-Qazeres izango da. Bi talde horiek eguneko beste kanporaketa jokatuko dute (17:00).