Itxi

Saskibaloia

3. JARDUNALDIA

Zorigaiztoko jardunaldia Lointek Gernika, RPK Araski eta IDK Gipuzkoarentzat

eitb.eus

Galdu egin dute hiru euskal taldeek: Lointek Gernika-Clarinos Tenerife (78-80), RPK Araski-Valentzia Basket (61-69) eta IDK Gipuzkoa-Spar Citylift Girona (45-67).

  • Nikolina Milic

    Nikolina Milic. Argazkia: gernikasaski.com

Saskibaloiko Emakumezkoen Ligan ari diren hiru euskal taldeek beste horrenbeste porrot bildu dituzte asteazken honetan jokatutako partidetan, liga txapelketari dagokion hirugarren jardunaldian. Nahiz eta hirurek etxean jokatu duten, bisitariek lortu dute garaipena hiru kasuetan.

Neurketa irabaztetik gertuen egon direnak Lointek Gernikako bizkaitarrak izan dira. Mario Lopezek zuzentzen duen taldea 11 puntuz (63-52) irabazten sartu da azken laurdenera, baina gernikarrak ez dira gai izan esku artean zuten abantaila kudeatzeko, eta luzapenera joan behar izan dute 8-19 puntuko partziala jaso ostean (71-71). Bost minutu gehigarrietan, Clarinos Tenerifekoek gehiago asmatu dute, eta etxekoek garaipenak Malostetik ihes ez egiteko azken aukera bat izan badute ere, Juana Molinaren jaurtiketa behartua ez da saski barrura sartu.

RPK Araskik ere galdu egin du etxean, Mendizorrotzan (61-69). Arabarrek Valentzia Basket izan dute aurrez aurre, eta oso lehia parekatua jokatu dute bi taldeek lehendabiziko hiru laurdenetan (35-34 atsedenaldian eta 52-51 hirugarren laurdenaren amaieran). Azken 10 minutuetan, baina, Made Urietaren neskek 9 puntu besterik ez dute lortu, eta aurkariek, aldiz, puntu kopuru bikoitza sartzeko abilezia erakutsi dute.

Azkenik, IDK Gipuzkoak irabazi gabe jarraitzen du, hirugarren jardunaldian ere galdu baitu; oraingoan, Spar Citylift Girona talde indartsuaren aurka (45-67). Azu Muguruzaren jokalariek hasierako 10 minutuetan soilik estutu dute Kataluniako taldea (20-19). Hortik aurrera, norgehiagoka katalanen alde jarri da apurka-apurka, eta garaipen erraza erdietsi dute azkenean kanpotarrek.

3. jardunaldiko emaitzak

IDK Gipuzkoa 45-67 Uni Girona
RPK Araski 61-69 Valentzia Basket
Lointek Gernika Bizkaia 78-80 Clarinos Tenerife
Al-Qázeres 70-68 Mann-Filter
Ensino 59-46 Quesos El Pastor
Perfumerías Avenida 87-50 Bembibre
Campus Promete 59-78 Cadi La Seu