Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Saskibaloia

Salamancan, 20:30ean

Lointek Gernikak Perfumerias Avenidaren etxean abiatuko du gaur Eurokopa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hasiera gogorra izango da gernikarrentzat, Salamancakoak Endesa Ligako egungo liderrak baitira, eta azken 13 denboraldietan Euroligan egon dira lehiatzen.

  • Lointek Gernikako jokalariak taldearen aurkezpen ofizialean

    Lointek Gernikako jokalariak taldearen aurkezpenean. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia

Lointek Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenida izango du aurrez aurre gaur, Eurokopan izango duen hirugarren parte-hartzearen estreinaldian. Bizkaitarrak 20:30ean kantxaratuko dira Salamancako Würzburg pabiloira, txapelketako lehen garaipenaren bila.

Mario Lopezek entrenatzen duen taldea F multzoan dago murgilduta, eta Perfumerias Avenida (Espainia), Uni Gyor (Hungaria) eta Olivais FC (Portugal) izango ditu bertan aurkari.

Hasiera gogorra izango da gernikarrentzat, Salamancakoak Endesa Ligako egungo liderrak baitira, eta 13 denboraldi daramatzatelako Euroligan lehiatzen.

Dena den, Lointek Gernikak sasoi onean helduko dio norgehiagoka honi, hiru garaipen lortu baititu Ligako lehen lau jardunaldietan (Al-Qazeres, Casablanca eta Bembibre) eta porrot bakarra (Tenerife).

"Eurokopak hazten jarraitzeko eta denboraldi hasierako akatsak leuntzeko balio behar digu. Aurkari zaila dugu, baina haien aurka ahalik eta ondoen lehiatzen saiatuko gara", nabarmendu du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.

Lopezek deialditik kanpo utzi behar izan du taldean dituen hiru jokalari estatubatuarretako bat, eta min hartuta dagoen Margaret Roundtree hegaleko pibotari egokitu zaio oraingoan. Beraz, Julia Wojta eta Blake Dietrick hautatuko ditu neurketa honetan Europako Batasunetik kanpoko fitxa duten bi jokalarien postuak betetzeko.

Klubak jakitera eman duenez, Roundtreerekin batera, Naiara Diez geratu da Salamancara bidaiatu gabe, "familia arazoak" direla medio.

Europako etxeko partidak, EiTBn

Aurreko denboraldian bezala, EiTBk zuzenean eskainiko ditu Lointekek etxeko talde gisa Eurokopan jokatuko dituen neurketa guztiak. ETBn eta eitb.eus-en izango dira ikusgai.

Horrenbestez, txapelketako bigarren jardunaldian, urriaren 23an (20:00), ikusi ahalko da Lointekek Malosten jokatuko duen lehendabiziko neurketa, eta Hungariako Uni Györ taldearen aurkakoa.

Ondoren, Perfumerias Avenida (azaroak 7) eta Olivais (abenduak 5) taldeen kontrako norgehiagokak ere, EiTBn ikusi ahal izango dira.