Itxi

Saskibaloia

NBA

Kobe Bryant hil da, helikoptero istripuan

Erredakzioa

NBAko jokalari ohiak istripua izan du Calabasasen, Kalifornian. Sikorsky S-76 helikoptero pribatua sarritan erabiltzen zuen Angeles Lakerseko jokalari ohiak.

  • Kobe Bryant. Argazkia: EFE

    Kobe Bryanten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Kobe Bryant NBAko jokalari ohia hil da, igande honetan izan duen helikoptero istripu baten ondorioz, bertako agintariek baieztatu dutenez. Istripua Calabasen gertatu da, Kalifornian.

"Atsekabe handiarekin Kobe Bryanten eta beste lau pertsonaren heriotzaren berri izan dugu Calabasasen. Helikopteroak lurra jo du Las Virgenesetik gertu 10:00ak aldera", azaldu du Alicia Weintraub Calabasaseko alkateak.

Bryant beste lau pertsonarekin zihoan helikopteroan. Lurrera erori denean sua hartu du. Kaliforniako larrialdi-zerbitzuetako langileak istripua gertatu den tokira gerturatu dira, eta bidaiari guztiak hil egin direla baieztatu dute.

Sikorsky S-76 helikoptero pribatua sarritan erabiltzen zuen Angeles Lakerseko jokalari ohiak.

Lekukoek TMZ albiste-agentziari azaldu diotenez, helikopteroaren motorretik txinpartak atera dira lurra jo baino lehen.

Bryant Vanessarekin ezkonduta zegoen eta lau alaba zituen: ezbeharrean hildako 13 urteko Gianna, Natalia, Bianca eta Capri jaioberria.

Kobe, NBAren historiako jokalari onenetarikoa da, eta 20 urteko kirol-ibilbidean 18 aldiz jokatu du izarren taldearekin. Lakersek Drafteko lehen txandan aukeratu zuen 1996an, eta NBAko bost eraztun irabazi zituen.

Kobe Bryant garaikur batekin. Artxiboko argazkia: EFE

Gainera, bi aldiz aukeratu zuten NBAko finaletako jokalari onena, eta ligako jokalari onena izan zen 2008an. Lakers taldeak Koberen bi elastikoak baztertu zituen, 8 eta 24 zenbakidunak, eta taldearen historian ohore hau izan duen jokalari bakarra da.

Gainera, AEBetako selekzioarekin urrezko bi domina lortu zituen 2008ko Olinpiar Jokoetan (Pekin) eta 2012an (Londres).

Jokalari gisa bi hamarkada eman zituen, eta NBAko izar eta kirolari oso ospetsua bihurtu zen.

Bryant (Filadelfia, 1978-08-23) 41 urte zituela hil da. Partida bakarrean 81 puntu egin zituen eta beste hainbat marka historiko ditu NBAn.

Horrela, Bryant inguruabar tragikoetan hil da, beste saskibaloi jokalari batzuei gertatu bezala, hala nola, Fernando Martin espainiarra eta Drazen Petrovic kroaziarra.

Pau Gasol pibot kataluniarra "lur jota" agertu da bere "anaia nagusiaren" heriotzaren berri izan ondoren. "Lur jota baino gehiago… Nire anaia nagusia. Ezin dut, ezin dut sinetsi", esan du ingelesez Twitter sare sozialean. Bryant lagun handia zuen, Lakers taldera 2008ko otsailean heldu zenetik.