Itxi

Saskibaloia

ENDESA LIGAKO AZKEN FASEA

Baskoniak finalerdietara sailkatu nahi du gaur; Bilbao Basketek, aldiz, aukerei eutsi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Unicajaren eta Bartzelonaren aurka jokatuko dute, hurrenez hurren, Endesa Ligako azken faseko laugarren jardunaldian.

  • Tornike Shengelia Mirotic defendatzen eta Jonathan Rouselle Marcelinho Huertas gainditu nahian.

    Tornike Shengelia Mirotic defendatzen; Jonathan Rouselle Marcelinho Huertas gainditu nahian. EFE

Kirolbet Baskoniak eta Retabet Bilbao Basketek Endesa Ligako azken faseko laugarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte gaur, A multzoaren barruan.

Baskoniak norgehiagoka garrantzitsua du Unicaja Malagaren aurka. Bi taldeak berdinduta iritsiko dira, bi garaipenekin eta porrot batekin (biek galdu dute Bartzelonaren aurka), eta irabazleari finalerdietarako ateak ireki dakizkioke.

Dusko Ivanovicen taldeak sailkapena lortuko du bere lehia irabazten badu eta Joventutek Teneriferekin galtzen badu. Ordea, galduz gero eta Bartzelonak bere neurketa bereganatzen badu, lehiaketatik kanpo geratuko dira arabarrak.

Youssoupha Fall pibot senegaldarraren baja segurua izango dute gasteiztarrek, eskuin oinean lesioa baitu eta, ondorioz, ezin izango du berriz jokatu azken fase honetan.

Bere aldetik, beltzezko gizonek Pesicek zuzendutako Bartzelonaren aurka jokatuko dute. Alex Mumbruren taldea mendean hartzekotan, kataluniarrak finalerdietan izango dira, multzoko lehen postua eskuratuta, gainera. Bilbotarrak, aitzitik, matematikoki kanporatuta geratuko lirateke beste porrot bat jasoz gero (orain arte bi lehia galdu eta bakarra irabazi dute).

Hala ere, beltzezko gizonek aldarte onarekin egingo diote aurre neurketari, Iberostar Teneriferen aurka garaipena eskuratu eta gero. Gainera, aurrekari on bat dute Bartzelonaren aurka; izan ere, irabazi egin zioten Palau Blaugranan (92-94), eta garaipen horrek Errege Kopa jokatzeko parada eman zien bizkaitarrei. Hori bai, egun hartan bere saskiratzaile nagusia izan zen Axel Bouteille ez da kantxan izango.

Hegaleko frantziarraz gain, Thomas Schreiner, Jaylon Brown eta Arnoldas Kulboka ere baja izango dira Bilboko taldean.

Amerikarra eta lituaniarrak Valentziara bidaiatu zuten gainerako taldekideekin batera, baina ezin dute jokatu. Hori gutxi balitz bezala, austriarrak min hartu zuen Joventuten aurka.

Alabaina, hutsune ugari horien eragina arintzeko, Mumbru apenas ari da erabiltzen orain arte minutu gutxi izan duten Tomeu Rigo eta Ivan Cruz bezalako jokalariak. Haatik, Iberostar Teneriferen kontra Miguel Ruiz gazteak ekarpen handia egin zuen taldearen alde, 16 minutu jokatu eta 7 puntu lortuta.

A multzoko laugarren jardunaldia:

(15:30) Kirolbet Baskonia – Unicaja

(18:30) RETAbet Bilbao Basket – Barça

(21:30) Iberostar Tenerife – Joventut